Gazte bat auzipetu dute Ernaik maiatzean antolatutako mobilizazioen harira

Erredakzioa 2021ko ira. 21a, 11:00

Maiatzaren 7ko mobilizazioaren irudia, Andre Maria Zuriaren plazan. / ERNAI

Burujabetza eta eraldaketa soziala aldarrikatzeko maiatzaren 7an Ernaik antolatutako mobilizazioa Ertzaintzaren kolpeen artean amaitu zen Gasteizen. Gazte bat epaituko dute irailaren 24an, eta elkarretaratzea deitu dute Gasteizko epaitegietan.

Maiatzaren 7an, pandemia garaian gazteek bizi izandako "larrialdi egoera" salatzeko Ernai gazte erakundeak Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitutako mobilizazioaren ostean, Ertzaintza manifestarien aurka oldartu zen Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren inguruan, bildutako dozenaka gazteek protesta bertara eraman zutelako. Hurrengo egunean ere, gertatutakoa salatzeko protestak antolatu zituzten; besteak beste, eserialdi bat egin zuten Olagibel kaleko ertzain-etxean.

Ernaik orduan salatu zuenez, Ertzaintzak hainbat gazte zauritu zituen eta horietako bat atxilotu egin zuen; gainera, Santiago ospitalean artatu behar izan zuten. Orain, gazte antolakundeak jakinarazi du egun hartako mobilizazioen harira gazte hori auzipetu dutela. Ostiralean, irailaren 24an, epaituko dute, eta hori salatzeko elkarretaratzea antolatu dute Gasteizko epaitegietan, 10:00etan, Etorkizun duin baten alde dena dugu irabazteko! lelopean.

Beste hiriburuetan ere kargak eta atxiloketak izan ziren, bereziki Bilboko manifestazioan. Ertzaintzaren kargaren irudiek zabalpen handia izan zuten; horien artean, Gasteizko ertzain batek zeramatzan joera ultraeskuindarreko eskumuturrekoak ikusi ahal izan ziren: horietako bat Jusapol polizia-sindikatuarena, eta beste bat AEBetako Blue Lives Matter mugimenduarena.

Larunbateko eserialdia Ertzaintzak Olagibel kalean duen egoitzan. / Argazkia: HALA BEDI

 

Maiatzaren 7ko irudiak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago