Naroa Amenabar (Ernai)

"Burujabetza ezinbestekoa da larrialditik ateratzeko eta bizitzak duintzeko"

Mikel Buruaga 2021ko mai. 5a, 20:00

Ostiraleko manifestazioa 18:00etan abiatuko da Andre Maria Zuriaren plazatik. / ERNAI

Ernaiko kide Naroa Amenabarrek gazteen "larrialdi egoerari" buruz hitz egin du ALEArekin. Ostiral honetan, eraldaketa soziala eta burujabetza aldarrikatzeko mobilizazioak deitu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, tartean Gasteizen.

Larrialdi egoeran gaude: eraldaketa soziala eta burujabetza lelopean, Ernai gazte erakundeak manifestazioak deitu ditu maiatzaren 7rako, 18:00etan Hego EHko hiriburuetan. Gasteizko mobilizazioa Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da.

Ezker abertzaleko gazte erakundeak deitutako mobilizazio egunaren harira, ALEAk Ernaiko kide Naroa Amenabar Esnaolarekin hitz egin du, plazaratuko dituzten aldarrikapenak ezagutzeko.

Zer aldarrikatuko duzue ostiraleko mobilizazioetan?

Gazteok larrialdi egoeran gaudela esaten dugunean, gaur egun Hego Euskal Herriko hiru gaztetik bat langabezian egoteari erreferentzia egiten diogu, besteak beste. Gazteon bizi prekarietate orokorrari: hezkuntzan, aisialdian, harremanetan, lanean... bazen pandemia aurretik pairatzen genuen egoera, eta pandemiak larriagotu egin du.

"Bazen pandemia aurretik pairatzen genuen egoera, eta pandemiak larriagotu egin du"

Arazoa estrukturala dela diozue. Zergatik?

Pandemiak aurretik zegoen fenomenoa areagotu besterik ez du egin. Enpleguaren galerak goranzko joera zuen pandemia aurretik, eta krisi sanitarioak sektore ahulenak kolpatu ditu; gazteak, gehienbat.

Ezegonkortasun ekonomikoaren eraginez, behin-behineko enplegua da gehienbat suntsitu dena, eta gazteok gara enplegu horiek betetzen ditugunak.

Langileriaren esplotazioan oinarritzen den sistema kapitalista heteropatriarkalak beharrezkoa du sektore zapalduon izerdia eta odola kapitalaren metaketa eman dadin. Kontuan izanik prekarietatea dela gaur egun kapitalismoaren ofentsiba ardazten duen ezaugarria, gazte prekarietatea da modu sistematikoan ematen dena. Izan ere, gazteon esplotazioa burgesiari errentagarritasun moral eta ekonomiko gehien eskaintzen dien praktika da, gizartean hegemonikoa bilakatuz gazteon esplotazioaren ideia: "Gaztea zara? Ba hori da dagoena!".

Nola bizi du gaur egungo gazte batek ikasketa prozesua?

Behin eta berriz eta behar den guztietan aldarrikatu dugun bezala, ikasleria inoiz ez da egon hezkuntza sistema honen erdigunean. Ikasleok zapalkuntza bikoitza sufritzen dugu gazte eta ikasle garen heinean, eta Covid-19aren aitzakipean hartutako neurri zentzugabeek zapalkuntza bikoitza hori areagotu besterik ez dute egin.

"Ikasleria inoiz ez da egon hezkuntza sistema honen erdigunean"

Guk argi daukagu elkarlanean ikasten dela, eta hezkuntza sistema honek ez ditu gure beharrak erdigunean jartzen. Are gehiago, ikasleon beharrak eta baldintza duinak baztertu eta sistema honen elitizazioa eta merkantilizazioa areagotzen ditu.

 

Ondoren, zaila al da lan merkatura sartzea?

"Neska gazteontzako lanpostuak genero rolak birproduzitzera bideratuta daude edo zaintzan oinarritutakoak dira"

Datu ofizialen arabera, Hego Euskal Herriko 16.196 gazte baino gehiago langabezian gaude, datu ofizialetatik kanpo geratzen diren gazteak kontuan hartu gabe: beltzean lanean daudenak, lan eskatzaile bezala izena eman ez dutenak, astean ordubete lan egiten dutenak...

Gainera, emakumeon langabezia tasa %40 baino gehiago igo da; emakume eta gazte izateagatik egoera okerragoa da. Eta sistemak neska gazteoi eskaintzen dizkigun lanpostuak genero rolak birproduzitzera bideratuta daude edo zaintzan oinarritutakoak dira. Langabeziatik ateratzerakoan, aldi baterako kontratuak dira eskaintzen dizkigutenak.

Eta etxebizitza bat topatzea?

Gazteria nahi baino beranduago emantzipatzera behartuta dago. Gaur egun, emantzipazio adina 30 urtetan dago, eta soldataren %60 etxebizitzara bideratu behar dugu. Administrazioek ogi apurrak eskaintzen dizkigute egoera honi aurre egiteko. Eusko Jaurlaritzak berak aitortu du, aurtengo otsailean argitaratutako txostenean, Gazte Lagun programak bere helburuak betetzetik urrun geratu dela. Emantzipatzeko ezintasunak bizi proiektu bat eraikitzeko ezintasuna dakarkigu, etxebizitzak norbanakoari autonomia ematen diolako.

"Administrazioek ogi apurrak eskaintzen dizkigute emantzipatzeko"

Gazteria psikologikoki hondoratzen ari dela diozue, depresioa eta suizidioak areagotzen ari direla...

Prekarizazio prozesuek eragin nabarmena dute gure bizitzetan; ziurgabetasun etengabe eta iraunkor batean bizi gara. Ziurgabetasun egoera batean murgildu gaituzte laneko segurtasunik ezak eta prekarietateak sortutako beldurrek: lana galtzeko, lanbide karrera bat ez lortzeko, "gizarte status" zehatz bat eskuratu ezin izatea... Egoera horrek antsietatea, estresa, autoestimua jaistea, inpotentzia... dakar, bestelako eragin psikologikoen artean. Ondorio horiek pandemia garaian areagotu baino ez dira egin, gazteok bizi dugun egoera are zaurgarriagoa baita.

"Hobekien formatuta dagoen belaunaldia" omen zarete, ezta?

"Prekarizazio prozesuek eragin nabarmena dute gure bizitzetan; ziurgabetasun etengabe eta iraunkor batean bizi gara"

Ideia horrek eta "enplegarritasunaren" kulturak gugan sortzen dituzten espektatiba eta ondorioak aipatu behar dira. Hezkuntza sistemak eta gizarteak berak ideia bat inposatu digu: zenbat eta "prestatuago" egon, orduan eta lan hobea aurkitzeko aukera gehiago izango dugula. Horrek norberaren esku uzten du enplegua lortzearen ardura; indibiduala, eta ez kolektiboa. Hortaz, lan duin bat lortzearen ardura gazteongan erortzen den bitartean, gobernuek lana duintzeko eta gazteon prekarietatearekin amaitzeko duten ardura salbuesten dute, politika estetikoen bitartez.

Norbera enplegu duin bat lortzearen erantzule izateak, eta horretan porrot egiteak, geure buruarekiko mesfidantza eta ezintasun sentsazioa areagotzen du. Finean, norbanakoak eraikitzen duen subjektibotasuna bizi dugun egoera sozioekonomikoari lotuta dago.

Burujabetza aldarrikatuko duzue larrialdi egoeratik ateratzeko. Independentziari buruz hitz egiteko garaia ote da?

Gu izan behar gara gure herria egunez egun eraikitzen dugunok, inori baimenik eskatu gabe

Independentzia ipar izanik, ezinbestekoa zaigu gure bizitzaren ertz guztietan eragina duten erabakien jabe izatea. Gaur egun, Madriletik eta Parisetik, urrunetik, hartzen dira euskal herritarron bizitzak baldintzatzen dituzten erabakiak, eta gure herriaren errealitatea kontutan izan gabe. Hortaz, burujabetza ezinbestekoa da larrialditik ateratzeko eta herritarron bizitzak duintzeko, hain beharrezkoa den eraldaketa soziala eman dadin.

Arazoa estrukturala da, eta, hortaz, sistema behetik gora iraultzeko beharra daukagu, argi izanik eraldaketa hori ez dela Espainiako zein Frantziako estatuen partetik etorriko. Gu izan behar gara gure herria egunez egun eraikitzen dugunok, inori baimenik eskatu gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago