Garcia Oñateren ustezko erasotzaileak ukatu egin du PPko kidea kolpatu izana

Erredakzioa 2021ko ira. 13a, 14:15

Ander Garcia Oñate PPko militantea, Bea Fanjul alderdikidearekin. / Argazkia: @andergarciao

Gorroto delitua aztertuko duen epaiketan, gaur deklaratu dute lekukoek, Ander Garcia Oñatek eta ustezko erasotzaileak. Azken horren bertsioaren arabera, ez zuen Garcia kolpatu eta ez zekien PPko kidea zenik ere.

Irailaren 4ko gertakarien harira, PPko kide Ander Garcia Oñateren aurkako ustezko erasoa gorroto delitu gisa ikertzen ari da epailea, Fiskaltzak proposatuta. Astelehen honetan, ahozko epaiketarekin batera, Ander Garcia Oñateren, ustezko erasotzailearen eta lekukoen bertsioak entzuteko aukera iritsi da; lehen aldiz, gainera, Ertzaintzak atxilotutako 20 urteko neskaren kasuan.

2019an Legutioko alkategai izandako Ander Garcia Oñate PPko afiliatuaren arabera —hedabide gehienek zabaldu zutenez eta gaur berak berretsi duenez—, larunbateko 22:00ak aldera gertatu zen dena: ustez, "PPko militante izateagatik" ukabilkada bat eman zion neskak, "fatxa", "aberaskume" eta "gora ETA" oihukatuz, Florida kaleko dantzaleku baten atarian. Alderdi Popularreko kideak Ertzaintzari deitu zion orduan, eta hainbat patruila bertaratu ziren ustezko erasotzailea atxilotzeko.

Oso bestelakoa izan da neska gazteak gaur emandako bertsioa. Bere deklarazioaren arabera, ez zuen Garcia Oñate kolpatu eta ez zekien PPko kidea zenik. Hala ere, iraindu zuela onartu du, besteak beste, "aberaskume", "fatxa" eta "putaseme" deituz. Azaldu duenez, duela lau urte, orduan adingabe zen Garcia Oñateren argazki bat zabaldu zen neskaren inguruan: beso bat altxatuta zuen, faxisten agurra egiten; horregatik deitu omen zion "fatxa", betiere neskaren bertsioaren arabera.

Gorroto delitua

Fiskaltzak aurkeztutako kargu berrien ostean, Gasteizko 2. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak albo batera utzi zuen aurreikusitako epaiketa azkarra, eta, azkenean, gorroto delitu batengatik auzipetu dute emakume gaztea.

Horrek instrukzio-fase batez eta ondorengo ahozko epaiketaz osatutako prozedura arrunta aktibatzera behartu du epaitegia. Gainera, ustezko erasotzaileak eskaera fiskal handiago bati egin beharko dio aurre, kartzela zigor —urtebete eta hiru urte artean— zein isunei dagokienez; nolanahi ere, aurrekaririk ez duenez, ez luke kartzelara joan beharko.

Deklarazioak hartuta —telematikoki deklaratuko duen lekuko batena salbu—, epaileak azken erabakia hartu beharko du orain. Fiskaltzak, bere aldetik, gaztea gorroto delitu batengatik auzipetzeko apustua mantendu ala kargua delitu arin batera jaistearen artean erabaki beharko du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago