Gorroto delitu gisa epaituko dute PPko kide baten aurkako ustezko erasoa

Erredakzioa 2021ko ira. 7a, 17:30
Ander Garcia Oñate PPko militantea, Bea Fanjul alderdikidearekin. / Argazkia: @andergarciao

PPko kide Ander Garcia Oñateren aurkako ustezko erasoa gorroto delitu gisa ikertuko du epaileak, Fiskaltzak proposatuta. Epaiketa azkarra bertan behera utzi ostean, astelehenean deklaratu beharko dute inplikatuek eta bi aldeetako lekukoek.

Joan den larunbatean, hogei urteko emakumezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak Gasteizen, Ander Garcia Oñate PPko afiliatuari (Legutioko alkategaia 2019an) kalean eraso egitea leporatuta. Garcia Oñateren arabera, 22:00ak aldera gertatu zen dena: ustez, "PPko militante izateagatik" ukabilkada bat eman zion neskak, "fatxa", "aberaskume" eta "gora ETA" oihukatuz, Florida kaleko dantzaleku baten atarian. Alderdi Popularreko kideak Ertzaintzari deitu zion orduan, eta hainbat patruila bertaratu ziren ustezko erasotzailea atxilotzeko.

Fiskaltzak aurkeztutako kargu berrien ostean, Gasteizko 2 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak albo batera utzi du gaurko aurreikusitako epaiketa azkarra, eta, azkenean, gorroto delitu batengatik auzipetuko dute emakume gaztea. Horrek instrukzio-fase batez eta ondorengo ahozko epaiketaz osatutako prozedura arrunta aktibatzera behartzen du epaitegia. Eldiario.es hedabideak argitaratu duenez, datorren astelehenean, Cristina Rodriguez Ruiz epaileak deklarazioa hartuko die Ander Garcia Oñate berari, ustezko erasotzaileari eta bi aldeetako lau lekukoei.

Hasieran, eraso delitu arin bat egozten zioten gorroto larrigarriarekin. Orain, ordea, eskaera fiskal handiago bati egin beharko dio aurre, kartzela zigor —urtebete eta hiru urte artean— zein isunei dagokienez. Nolanahi ere, dagokion ikerketa burutu ostean, epaileak hartuko du azken erabakia.

Gaitzespena

Polemikak gorabehera, ordezkari politiko guztiek publikoki gaitzetsi egin dute ustezko erasoa. Hala ere, gainerako alderdiek gaztelaniazko "condena" hitza ez erabiltzea leporatu diote EH Bilduri; PPko bozeramaile Carlos Iturgaizek, gainera, "indarkeriari hegoak ematea" egotzi dio alderdi independentistari.

Azkenean, EAJ, PSE-EE, PP eta Elkarrekin taldeek adierazpen bateratua adostu dute astelehenean Gasteizko Udalean, baina EH Bilduk ez batzea erabaki du. Adierazpen horretan, lau taldeek "gaitzetsi eta arbuiatu" egin dute PPko kideak "bere ideologia politikoagatik jasan zuen erasoa", eta gaineratu dute gertakari horiek ez dutela "inolaz ere hiriaren irudia ematen, bizikidetza, tolerantzia eta aniztasunaren errespetua baitira berorren ezaugarriak".

Azkenik, Udalak "gertutasuna eta babesa" adierazi dio Ander Garcia Oñate gazteari eta alderdikide guztiei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide