Gazte bat atxilotu dute PPko kide bati eraso egitea leporatuta

Erredakzioa 2021ko ira. 6a, 10:08

Ander Garcia Oñate, Pablo Casado eta Carlos Iturgaitzekin batera. / A. Garcia Oñate

"Fatxa" oihukatu eta ukabilkada bat eman ziola salatu du Ander Garcia Oñate PPko kideak.

Hogei urteko emakumezko bat atxilotu zuten larunbat gauean Gasteizen, PPko afiliatu bati kalean eraso egiteagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. 22:00ak aldera gertatu zen, Florida kalean, dantzaleku baten atarian; Ander Garcia Oñatek Ertzaintzari deitu zion "PPko militantea izateagatik" eraso egin ziotela salatzeko.

Erasotzaileak "fatxa" deitu eta ukabilkada bat eman ziola adierazi du Garcia Oñatek, eta "gora ETA" esan zuela. Ertzaintzaren patruilak gertakarien lekura joan ziren, eta ustezko erasotzailea atxilotu zuten. Gaur epaituko dute gaztea. 

Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak Gasteizko alderdikideari egindako erasoa gaitzetsi du, eta "erradikalak, Bilduren aldekoak, euskal bizikidetzaren minbizia" direla salatu du. Beste hainbat ordezkari politikok ere gaitzespena adierazi dute sare sozialetan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago