Ostegun honetan, LGTBI+ eskubideen aldeko festa handia ospatu du Zabalgana auzoak, LGTBI+fobiarik ez - El odio no cabe en nuestras calles lelopean. Izan ere, Zabalgana Batuz auzo elkarteak eta Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak ekintzaz beteriko protesta antolatu dute, ostadarraren koloreak dituen poltsa bat eramateagatik hamabi urteko neska bat jazarri zuten lekuan: Zabalganeko skate parkean bertan.
18:00etatik aurrera, lau jarduera nagusi izan dira, jai giroan: patinajea, Aniztasunaren zuhaitza, marrazketa tailerra eta musika.
Ostadarraren banderak, motxilak, poltsak, kamisetak eta bestelakoak etxetik eramateko dei egin dute antolatzaileek; eta hala egin dute bertaratutako ehunka lagunek, plaza kolorez beteta. Gainera, Ikusgunek LGTBI+fobiaren aurkako poltsa berriak jarri ditu salgai; sei eurotan erosi ahal izan dira, eta lortutako etekinak LGTBI+fobiari aurre egiteko ekimenak finantzatzeko izango dira. Gaur salgai jarritako guztiak agortu dira.
"Gure kaleetan gorrotoak ez du lekurik!"
Jaialdi-protesta koloretsuaren hasieran eta amaieran, Ikusgunek eta Zabalgana Batuz auzo elkarteak hitza hartu dute: "Duela egun batzuk, hementxe bertan, gaur harrotasunez okupatzen dugun espazio honetan neska talde batek ostadarraren poltsa bat eramateagatik jazartua izan zen, ondorioz toki honetatik alde egin behar izan zuen; hau da, espazio publikoaren erabilerari uko egin behar izan zioten ezer larriagoa ez gertatzeko", gogorarazi dute.
"Emakumeek, LGTBI pertsonek, pertsona arrazializatuek edota dibertsitate funtzionala duten pertsonek ezin dute espazio publikoa erabili haiek nahi bezala; kaleak ez dira pertsona guztientzat", ohartarazi du Ikusguneko Amets Martinez de Hereditak. "Ezin dugu etsi, kaleak guztionak eta guztiontzat dira eta izan behar dira, eta hemen bildu garenok indarrak batu eta biderkatzeko hautua egiten dugu kaleak eta parkeak, eguna eta gaua gureak izateko".
"Gure kaleetan gorrotoak lekurik ez duela defendatzeko erabaki irmoa dugu, ez LGTBI pertsonekiko, ez emakumeekiko, ez migratuekiko, ez gure bizilagunekiko. Ostadarraren poltsa bazterketa ororen kontrako sinboloa bihurtu dezagun, zipriztindu ditzagun harrotasunez gure kaleak, gure eskolak, lantokiak... honek ez du atzera bueltarik. Zabalganaz harro!", aldarrikatu dute.
Zure genero identitateagatik edota sexu orientazioagatik erasotua edo baztertua sentitu bazara, edo gertaera horien lekuko bazara, harremanetan jar zaitezke Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiarekin:
☎ 633 309 653 / ✉ info@ikusgune.eus / ◉ www.ikusgune.eus