Poltsak irailaren 9tik aurrera egongo dira salgai, sei eurotan, Pintore kaleko 23. zenbakian Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak duen egoitzan. Aldez aurretik enkarguak egiteko aukera ere zabalik dago, hiru urratsetan:
- Lumagorri Elkartearen kontu korrontean (ES80 3035 0086 65 0860046844) erosi nahi diren poltsa kopuruaren araberako dirua sartu eta eroslearen izena jarri.
- Ikusguneren helbide elektronikora (info@ikusgune.eus) idatzi, ordainagiria erantsiz eta harremanetarako telefono zenbakia zehaztuz.
- Ikusgune zuzenean harremanetan jarriko da poltsak jasotzerakoan, horien bila joateko hitzorduak zehazteko.
Ikusgunek azpimarratu duenez, poltsen salmentatik lortutako etekinak LGTBI+fobiaren aurkako ekimenak antolatzeko erabiliko da.
Hamabi urteko neska baten aurkako jazarpena
Bere aitak eta Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak aste honetan salatu dutenez, mutil talde batek hamabi urteko neska bat jazarri du Zabalgana auzoko skate parkean, ostadarraren koloreak dituen poltsa bat eramateagatik.
"Aita naizen aldetik, sumindu egiten nau Gasteizen, Zabalgana auzoan, hamabi urteko neskato bat skate park inguruan mehatxatu eta jazartzeak, poltsa hau eramateagatik, eta etxera beldurrak jota etortzeak", salatu du Jorgek (@Lanbrusko Twitterren). Gaineratu duenez, erasoa gutxienez bi aldiz errepikatu da jada: "Mutil batzuk, auzoan zehar, skate park inguruan, jazarri eta izutu dute LGTBI koloreko poltsa bat eramateagatik; ulertuko duzunez, nahiko haserre nago".
Zoritxarrez, bere aitak azaldu duenez, erasotzaileek neska beldurtzea lortu dute. Izan ere, jasandako mehatxuen ostean, poltsa etxean uztea erabaki du; horren aurrean, aita izan da poltsarekin kalera irten dena: "Kolore anitzeko bermuteo baten alde bozkatzen dut, poltsak lortzea da kontua", esan du.
Jorgek salatutakoa lau haizetara zabaldu da sare sozialetan, eta elkartasun mezuak izan dira nagusi. Besteak beste, gertatutakoaren berri izan du Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak, familiari bere babesa eta laguntza eskainiz. Jorgek jasotako babesa eskertu du: "Babes adierazpen asko jasotzen ari gara. Ezin gara isildu edozein erasoren aurrean, txikia badirudi ere".
Hamaika eraso hiru hilabetetan
Neska honen aurkako jazarpena Ikusgunek udan zehar jasotako salaketei gehitu behar zaie. Izan ere, azken hiruhilekoan gutxienez hamaika eraso LGTBIfobiko atzeman ditu behatokiak Araban; zehazki, Amurrion, Gorbeialdean eta Gasteizen: horietako sei eraso fisikoak izan dira eta beste bost gorroto-gertakariak (horien artean, Zabalganekoa).