LGTBI+fobiaren aurkako jaialdia hartuko du Zabalganak

Erredakzioa 2021ko ira. 8a, 10:30

Hamabi urteko neskaren poltsa, LGTBI+ koloreekin. / Argazkia: @Lanbrusko

Gazte batek LGTBI poltsa bat eramateagatik jasandako jazarpenari erantzuteko, ostegunerako jaialdi bat antolatu dute Zabalgana Batuz eta Ikusgunek. Patinajea, Aniztasunaren zuhaitza, marrazketa tailerra eta musika egongo dira skate parkean.

Ostegun honetan, irailaren 9an, LGTBI+ eskubideen aldeko festa handia biziko du Zabalgana auzoak, LGTBI+fobiarik ez - El odio no cabe en nuestras calles lelopean. Izan ere, Zabalgana Batuz auzo elkarteak eta Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak ekintzaz beteriko protesta antolatu dute, ostadarraren koloreak dituen poltsa bat eramateagatik hamabi urteko neska bat jazarri zuten lekuan: Zabalganeko skate parkean bertan.

18:00etatik aurrera, lau jarduera nagusi izango dira, jai giroan: patinajea, Aniztasunaren zuhaitza, marrazketa tailerra eta musika.

Ostadarraren banderak, motxilak, poltsak, kamisetak eta bestelakoak etxetik eramateko dei egin dute antolatzaileek. Hala ere, LGTBI+fobiaren aurkako poltsa berriak salgai jarriko ditu Ikusgunek. Sei eurotan erosi ahal izango dira, eta etekinak LGTBI+fobiari aurre egiteko ekimenak finantzatzeko izango dira.

Zure genero identitateagatik edota sexu orientazioagatik erasotua edo baztertua sentitu bazara, edo gertaera horien lekuko bazara, harremanetan jar zaitezke Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiarekin:

☎ 633 309 653 / ✉ info@ikusgune.eus / ◉ www.ikusgune.eus

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago