Ostegun honetan, auzoko eskolako frontoipean euriari aurre eginez, bere lehen asanblada antolatu du Judimendiko auzokide talde batek, Batuta elkartasun sarea abian jartzeko. Dozenaka lagun bildu dira, segurtasun neurriak errespetatuz. Bileraren ostean, Judimendiko parkearen sarreran jarri ziren, kolektibo berriaren inguruko informazioa auzokideen artean banatzeko.
Azaldu dutenez, "pandemia garaian sortutako egoerak eta, batez ere, etorkizunean etorriko diren problematikek" bultzatu dituzte pausoa ematera. Izan ere, Batera zaintza sare herritarra bezalako esperientzietatik abiatuta, "antolakuntzarako formula eta espazio berrien" beharra antzeman dute auzoan.
Oraingoan, pandemiaren hasierako planteamendua zabaldu nahi du Batuta elkartasun sareak. Horretarako, hiru oinarri izango ditu egitasmoaren jardunak: "Elkartasuna, komunitatea eta salaketa".
Gainera, azken hilabeteetan zehar, hainbat elkarrizketa egin dituzte Judimendiko bizilagunekin. Harreman bira horretatik abiatuta, lau problematika nagusi identifikatu dituzte auzoan: etxebizitza, zaintza, tokiko merkataritza txikia eta kulturartekotasuna.
"Guztien etxea izango den auzoa" eraiki nahi dute, eta horretarako hainbat aukera eskainiko ditu sareak: hilabetero auzo asanbladak antolatuko dituzte; hurrengoa, maiatzaren 20an, 18.00etan, Cola y Goiti kalean, Judimendiko Auzo Elkartean. Baina, horrez gain, berariazko lantaldeak eta lantalde eragile bat izango dira.
Gainera, harremanak online egiteko espazioak edota auzokideen kezkak bultzatutako esparru berriak ere aktibatuko dituzte. Momentuz, Twitter kontu bat ireki dute, eta baita webgune bat ere; bertan egitasmoaren inguruko informazio gehiago eskainiko dute.