20. urteurrena

Judimendiko Gazte Asanblada: bi hamarkada auzoa pizten

Erredakzioa 2020ko api. 7a, 09:56

20 urte bete ditu Judimendiko Gazte Asanbladak, eta maiatzaren 23an ospatuko dute egun osoko jaialdi batekin.

20 urte baino gehiago igaro dira Judimendiko gazteen lehenengo asanblada deitu zenetik, Sutaustegi Parkeko Etxetxoa tabernan -gaur egun Zabaltegi-. 30 lagun inguru hurbildu ziren lehen hitzordu hartara, gazte asanbladako kideek azaldu dutenez: "Beste auzo eredu bat amesten zuten gazteentzako topaleku bila zebiltzan auzokideak ziren".

"Gogoratzeko, borrokatzeko, elkar ezagutzeko eta ospatzeko" egun osoko egitaraua antolatuko dute maiatzaren 23an. Oraingoz egitarauaren inguruko xehetasun gehiago eman ez badute ere, data gordetzera gonbidatu dituzte asanbladako kideak eta kide ohiak, Judimendiko bizilagunak eta animatzen den oro.

20 urte, hamaika belaunaldi

Jendartea bezala, auzoa eraldatuta dago gaur egun, baina duela bi hamarkada gazte ero batzuek piztutako txinpartak bizirik jarraitzen du Judimendin.

1998an Judimendiko Auzo Elkarteko gazte komisioan elkartu ziren gazte batzuk; ondoren, hain instituzionalizatuta egongo ez zen bide herrikoiago bat bilatzeko asmoz, Judimendiko Gazte Asanblada sortzea erabaki zuten, 1999. urteko udaberrian.

Orduan ezarritako helburuei eutsi dio gazte asanbladak urte hauetan: "Gazteentzako espazioak aldarrikatu eta lortu dituzte, auzoko jai herrikoien antolakuntzan izan dira, kaleak hartu dituzte eta komunitate polita sortu dute", azaldu dute asanbladako kideek.

"20 urte hauetan asko izan gara Judimendiko Gazte Asanbladaren parte izan garenak", gaineratu dute; eta asanbladaren historia proiektu beraren inguruan batu diren hainbat belaunaldiko kideek" sortu dutela diote.

Mosaiko irudi bat sortu dute gazte asanbladako hainbat belaunaldiko kideekin. / JGA

 

Espazioen beharra

Auzoko gazteentzako lokala beti presente izan duten aldarrikapena izan da urteotan. Lehenengo gazte lokala 2002an inauguratu zen; okupatzeko indarrak ez zizutela ikusita, lokal handi bat alokatu zuten hainbat urtez.

Gazte asanbladaren hurrengo belaunaldiak hutsik zegoen eraikin bat okupatu zuen 2009aren otsailean; hilabete iraun zuen, baina hazia erein zuen auzoan, eta 2011tik aurrera gero eta jende gehiago hurbiltzen hasi zen asanbladara.

Azkenik, auzoak izan duen hirugarren gazte lokala 2016ko urrian iritsi zen; orduan, SUmendi Espazioa ireki zuen Judimendiko Gazte Asanbladak, Benito Guinea kalean kokatutako lokal huts bat okupatu ostean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago