Aurreko larunbatean Samuel Luiz 24 urteko gaztea hil zuten Coruñan, eraso homofobo batean, "marikoi" zioten oihuen artean. Azken egunetan protestak Espainiako estatuko hainbat hiritara zabaldu dira, baita Euskal Herrira ere. Halaber, astelehenean, ehunka ahotsek Samuelentzat justizia eskatu zuten Gasteizen, E28 Koordinadorak deituta.
"LGBTIfobia hiltzailearen aurka oihu egitera atera ginen, gu hiltzen ari direla esateko, poliziak eta hedabideek marikoi oihuarekin ez zerikusirik ez duela esaten duten bitartean", deitoratu dute LGTBIQ+ mugimenduek. Mobilizazioetako batzuk poliziaren oldarraldien artean amaitu dira: "Astebete lehenago LGBTI Harrotasunaren Egunean estatuko indar errepresiboen aurpegia garbitu ostean, Samuelen hilketa homofobikoagatik protesta egiten ari zirenen aurka egin dute", gaineratu dute, pinkwashing kanpaina salatuz.
Eraso homofobo eta transfoboen gorakadaz ohartarazi dute azken hilabeteetan; baita gorroto diskurtsoen hedatzeaz eta legitimazioaz ere. Egoera horren aurrean, estatu mailan asteburu honetarako deitutako mobilizazioekin batera, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako E28 koordinadorek manifestazio bateratuak antolatu dituzte larunbat honetan, uztailaren 10ean, 19:00etan hiru hiriburuetan.
Ez dira pasako: erasoen aurrean autodefentsa transmaribibolloa lelopean, Gasteizko manifestazioa Bilbo plazatik abiatu da. "Amorruz gainezka gaude, eta amorru hori antolatu egingo dugu; gutako bat ukitzen badute, milaka antolatuko garelako", adierazi dute.