Ikusgune

Hamalau eraso LGTBI+fobiko zenbatu dituzte Araban pandemiaren urtean

Mikel Buruaga 2021ko mai. 13a, 10:30
Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren bulegoa, Pintore kalean. / ALEA

Hamalau gertakari LGTBI+fobiko zenbatu ditu Ikusgunek 2020ko maiatzetik 2021eko apirilera bitartean. Datuak jaitsi dira, baina transfobiaren, agresio fisiko edo hitzezkoen eta gorroto-diskurtsoaren hazkundeaz ohartarazi dute.

2020ko maiatzetik 2021eko apirilera bitartean, sexu orientazioaren eta genero identitatearen aurkako hamalau gertakari antzeman ditu Ikusgunek Araban. Horietako hamaika Gasteizen izan dira eta beste bat Añanako kuadrillan; horiez gain, beste bi lurraldetik kanpo gertatu dira, baina Arabako herritarrak izan dira gertakarien xede.

Aurreko urteetan baino intzidentzia gutxiago jaso dira, egoera pandemikoaren ondorioz

Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak, Udalaren Berdintasun Zerbitzuarekin lankidetzan, ostegun honetan aurkeztu du Sexu orientazioaren eta genero identitatearen aurka Gasteizen izandako gertakariei buruzko IV. Txostena, maiatzaren 17ko Lesbo-Bi-Gay-Transfobiaren aurkako Egunaren harira antolatutako ekimenen barruan.

Lumagorri Zisheterosexismoaren Aurkako Taldea 2017an hasi zen eraso LGTBI+fobikoak erregistratzen, eta, ondoren, aurtengoa kontuan hartuta, lau txosten plazaratu dira. Aurtengo txostena 2019an sortutako Ikusgunek Udaleko Berdintasun Zerbitzuaren bidez argitaratu duen bigarrena da. Jasotako gertakarietako zazpi (%50) 633 309 653 telefono zenbakiaren bitartez jaso ditu Ikusgunek; beste lau www.ikusgune.eus webgunearen bitartez; beste bi sare sozialen bitartez; eta beste bat komunikabideen bitartez.

2020ko txostenean 25 eraso zenbatu ziren, eta, beraz, aurreko urtean baino intzidentzia gutxiago jaso dira aurten; 2017-2018 (15) eta 2018-2019 (13) aldietako txostenetan jasotakoarekin alderatuta, ordea, oso antzekoak dira datuak. Izan ere, egoera pandemikoak eragina izan du bilakaera horretan. Alde batetik, zaildu egin duelako indarkeriazko egoerak salatzea, eta, aldi berean, tradizionalki erasoak gertatu ohi diren guneak desagertu direlako: jaiak, aisialdi eremuak eta abar.

Transfobiaren hazkundea

Ezagutu diren hamalau erasoak tipologiaren arabera sailkatu ditu Ikusgunek:

  • Sei transfobia kasu.
  • Lau homofobia kasu.
  • Bi lesbofobia kasu.
  • LGTBI+fobia kasu bat.
  • Intragenero kasu bat.

Datu horien harira, trans kolektiboan izandako intzidentzien hazkundea azpimarratu du Ikusgunek. Izan ere, aurten identifikatutako eraso guztien %43 izateaz gain, azken urteetan goranzko bilakaera nabarmena izan du: 2017-2018an %7 ziren; 2018-2019an %15; eta 2019-2020an %12.

 

Agresioen eta gorroto-diskurtsoaren gorakada

Gertakari motari dagokionez, agresioen eta gorroto-diskurtsoaren gorakada nabarmendu du Ikusgunek. Jasotako gorabeheretatik sei gorroto-diskurtsoari dagozkio eta hiru agresio fisikoak edo hitzezkoak izan dira; beste hiru zisheteropatriarkatuaren ugalketari lotutakoak, beste bat diskriminazio kasu bat izan da, eta, azkenik, beste bat genero barruko erasoa.

Kasu honetan ere, aurreko urteetako datuekin alderatuta ondorioztatu dute agresioen eta gorroto-diskurtsoaren hazkundea: 2019-2020an %12 eta %24 izan ziren, hurrenez hurren; baina azken urteko txostenean %21 eta %43raino igo dira.

 

Desberdinkeria egoerak

Covid-19ak eragindako testuigurua kontutan hartuta, lesbianak, gayak, bisexualak, transak eta intersexualak (LGBTI+) elkarren artean gurutzatutako diskriminazioei aurre egiten ari direla nabarmendu du Ikusgunek, bai genero identitateagatik edo sexu orientazioagatik, baita desberdintasun faktore batzuengatik ere: migratzaileak izateagatik; gazteak, nerabeak edo adinekoak izateagatik; edota dibertsitate funtzionala izateagatik, besteak beste.

Ikusgunek "kezkaz" behatu ditu kolektiboan izaten diren "desberdinkeria, bazterketa eta alboratze egoera" horiek.

Eremu publikoa, familia eta sare sozialak

Pandemiaren ondoriozko segurtasun neurriak gorabehera (hala nola ostalaritza ixtea edo jai-gunerik ez egotea), kalean gertatzen dira oraindik ere LGTBI+ kolektiboaren aurkako eraso gehienak. Izan ere, erregistratutako hamalau gertakarietatik, sei eremu publikoan izan dira.

Hala ere, hiru eraso familian izan dira, eta beste hiru aplikazio edo sare sozialetan; bi eremu horiek garrantzi handia izan dute konfinamenduan.

 

LGTBI+fobiaren aurkako Gasteizko Behatokiaren arabera, familiaren etxea ez da "segurtasun eta zaintza espazio bat" LGTBI+ diren pertsonentzat, "familian onartuak ez izan arren, familiarekin bizitzera behartuta daudenenean".

"Ezin ditugu ahaztu familiaren etxera itzuli eta armairura bueltatu behar izan dutenak"

Txostenak jasotzen duenez, egoera horrek areagotu egiten ditu etxeko indarkeriaren zein abusu fisiko eta emozionalaren tasak, baita osasun mentalaren kalteak ere. "Ezin ditugu ahaztu familiaren etxera, zaharrak zaintzera, itzuli behar izan duten pertsonak; horren ondorioz armairura itzuli behar izan dutenak, edo beren genero adierazpena mugatu", ohartarazi dute.

Trans Legearen alde

Datorren asteartean, Espainiako Kongresuan bozkatuko da Trans Legea izapidetzea onartzen den ala ez, eta horren inguruko balorazio bat egin nahi izan dute osteguneko agerraldian. Izan ere, Ikusguneko kideak Madrilera joango dira osoko bilkuraren jarraipena egiteko.

"Hamabi dira jasotako transen aurkako gertakaerak, Gasteizen LGTBI+fobiaren intzidentziaren inguruko datuak jasotzen hasi ginenetik", azpimarratu dute. Gainera, azaldu dutenez, kasu horietako gehienak dokumentazioarekin zerikusia duten erakunde esparruko gatazkak dira, lan-arloan ere gatazka handiak sortzen direla ahaztu gabe.

"Trans Legeak erakunde esparruko gatazka guztiak arinduko lituzke"

Trans Legeak "gatazka horiek guztiak arinduko" lituzkeela deritzo Ikusgunek, eta, beraz, lege proposamena onartzearen alde dago. "Trans pertsonei dagozkien Europako estandarrak bermatzeko bidean dago. Gainera, errekonbertsio-terapien gaia ere landuko luke; kezka handia sortzen dute, gure hirian iragarri baitira", ohartarazi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide