'Ez dira pasako': eraso LGTBIfoboen aurkako mobilizazioak larunbaterako

Erredakzioa 2021ko uzt. 8a, 13:10
Samuelentzat justizia eskatzeko elkarretaratzea Gasteizen. / Mikel Buruaga

Larunbatean manifestazioak egingo dira EAEko hiriburuetan Ez dira pasako lelopean, eraso homofobo batean hildako Samuel Luiz gaztearentzat justizia exijitzeko, eraso LGTBIfoboak salatzeko eta "autodefentsa transmaribibolloa" aldarrikatzeko.

Joan den larunbatean Samuel Luiz 24 urteko gaztea hil zuten Coruñan, eraso homofobo batean, "marikoi" zioten oihuen artean. Azken egunetan protestak Espainiako estatuko hainbat hiritara zabaldu dira, baita Euskal Herrira ere. Halaber, astelehenean, ehunka ahotsek Samuelentzat justizia eskatu zuten Gasteizen, E28 Koordinadorak deituta.

"LGBTIfobia hiltzailearen aurka oihu egitera atera ginen, gu hiltzen ari direla esateko, poliziak eta hedabideek marikoi oihuarekin ez zerikusirik ez duela esaten duten bitartean", deitoratu dute LGTBIQ+ mugimenduek. Mobilizazioetako batzuk poliziaren oldarraldien artean amaitu dira: "Astebete lehenago LGBTI Harrotasunaren Egunean estatuko indar errepresiboen aurpegia garbitu ostean, Samuelen hilketa homofobikoagatik protesta egiten ari zirenen aurka egin dute", gaineratu dute, pinkwashing kanpaina salatuz.

Eraso homofobo eta transfoboen gorakadaz ohartarazi dute azken hilabeteetan; baita gorroto diskurtsoen hedatzeaz eta legitimazioaz ere. Egoera horren aurrean, estatu mailan asteburu honetarako deitutako mobilizazioekin batera, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako E28 koordinadorek manifestazio bateratuak deitu dituzte larunbat honetarako, uztailaren 10erako, 19:00etan hiru hiriburuetan.

Ez dira pasako: erasoen aurrean autodefentsa transmaribibolloa lelopean, Gasteizko manifestazioa Bilbo plazatik abiatuko da. "Amorruz gainezka gaude, eta amorru hori antolatu egingo dugu; gutako bat ukitzen badute, milaka antolatuko garelako", adierazi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide