Korterraza ere Iradier Arenan ospatuko da, uztailean

Erredakzioa 2021ko mai. 21a, 14:10
Joan den astean, lehen ekitaldietarako atondu zuten Iradier Arena. / KULTURA BIZIA

Uztailaren 7tik 11ra bitartean, Iradier Arenan izango da Korterraza film laburren Gasteizko jaialdiaren XII. edizioa. Proiekzioez gain, A Contra Blues, Willis Drummond, Freedonia eta Corizonas taldeak arituko dira oholtza gainean.

Iradier Arenan ospatuko da aurtengo Korterraza, Gasteizko aire zabaleko Film Laburren eta Musikaren Jaialdia. Uztailaren 7an, 8an, 9an eta 11n, azken urteko film labur nabarmenenak eta kontzertu paregabeak izango dira Kultura Bizia egitasmoaren barruan.

A Contra Blues, Willis Drummond, Freedonia eta Corizonas taldeen kontzertuetarako bonuak datorren astean jarriko dira salgai. Gainera, ostiral honetan bertan itxi da ikus-entzunezko lanak aurkezteko epea, eta 1.000 film labur baino gehiago jaso dituzte antolatzaileek.

"Oso pozik gaude aurtengo kartelarekin. Publikoak maila handiko lau talderekin gozatuko du", adierazi du Kultura Kalean! Elkarteko Xabi Vitoriak. Oraindik ere, kontzertu gehiago lortzeko lanean ari dira, baina aurtengo egoerarekin, zenbakiak koadratzea "oso zaila" izaten ari dela aitortu du.

Hasiera batean, jaialdia Iparraldeko Parkeko frontoian egiteko asmoa zuten, 2020ko edizio arrakastatsuan bezala. Hala ere, Xabi Vitoriak azaldu duenez, Kultura Biziak Iradier Arenan abiatutako ekimenak segurtasuna eman die "oraindik ere ziurgabetasun handia dagoen urte zail honetan".

50 film labur

Joan den otsailaren 26an deialdia ireki zenetik, 1.000 lan inguru jaso ditu jaialdiak. Horien artean, Kultura Kalean! Ekimenak 50 lan inguru aukeratuko ditu. Horiek izango dira Gasteizen uztailean ikusi ahal izango direnak, baita udan zehar Korterraza Araba jaialdi ibiltarian ere.

Sarietan 8.000 euro inguru banatuko ditu jaialdiak. Aurreko edizioetan bezala, hautaketagatik eta ikusleen kopuruagatik ere ordainduko dute, ikusleen eta epaimahaiaren ohiko sariez gain. Emanaldietara joateko gonbidapenak laster jarriko dira eskuragarri.  

Jasotako film laburren artean, Arabako lanen presentzia handia nabarmendu dute, eta, azken urteetan bezala, Arabako Film Laburren Eguna egongo da: besteak beste, David Perez Sañudoren La colcha y la madre, Mikel Bustamante zuzendari eta aktore amurrioarraren Caníbales, edo El carné, Xabi Vitoria Korterrazako zuzendarikidearen debuta kameraren atzean; azken hori lehiaketaz kanpo ikusi ahal izango da.

Beste proiekzioak

Horrez gain, abuztuan beste bi saio egingo dituzte Artium Museoan eta Zumaia plazan, eta film labur gehiago proiektatuko dira bertan: Korterraza Sensibiliza eta Korterraza Txiki.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide