Ikasturtea amaitu berri dute Auzoko izeneko proiektuan parte hartu dutenek. Urtero, jai batekin eman diote bukaera horri; aurten, pandemia dela eta, Euskal Herriko osoko "auzokide" eta "auzotar" oro elkartzerik izan ez badute ere, ikasturtean egindako lana balioan jartzea lehenetsi dute.
Hori horrela, pasa den astean Errekaleorreko baratzea inauguratu zuten, eta arratsaldean, Goian elkarteko hainbat kiderekin batera, Gasteizko katedral zaharra bisitatu zuten. "Hamar hilabeteetan harreman sareak eraiki, eskaini eta transmititu dira aurten ere, eta ikasturte bukaerako ekintza izan da horren erakusleiho Gasteizen", azpimarratu dute Auzokotik.
Elkar ezagutzeko espazioak
Auzoko proiektuak, zehazki, euskaratik urrun bizi den orori harrera hizkuntzatik, euskaratik, egiteko balio du. Hala, euskaratik urrun eta euskaratik gertu bizi diren herritarrak elkartzen ditu egitasmoak; eta elkar ezagutzarako espazioak sortzea da proiektuaren helburua.
2015. urtetik dago martxan Gasteizen Euskaltzaleen Topaguneak sortutako Auzoko eta ordutik, ehunka pertsona eta hamaika kultura elkartu ditu. Egitasmo irekia da, parte hartzailea eta, batez ere, herritar guztien inplikazioa bultzatzen duena. Azken finean, horrekin euskarazko harreman sare eta dinamika sozialetarako ateak zabaltzen zaizkie euskaratik gertu bizi ez direnei.
Ekintza osagarriak
Astero Oihaneder Euskararen Etxean ordu eta erdiz egiten duten saioaz gain, askotariko ekintza osagarriak prestatzen dituzte hiru hilabetean behin. Urtarrilean, esaterako, lore dendara batera joan eta parte-hartzaile guztiek haien jaioterriko ohiko landare edo lore bat aurkeztu zuten han. Horrekin batera, landareak erostean zer galdetu daitekeen ere hausnartu zuten, eta hori euskaraz nola galdetu ikasi.
Urrian abian jarriko den ikasturte berriari begira daude dagoeneko Auzokon. Parte hartzeko interesa dutenek rubenrulando@gmail.com helbide elektronikora bidali behar dute mezua.