Euskararen zubian, elkar ezagutzen

Jon Rejado 2021ko urt. 25a, 07:00

Auzoko egitasmoaren saioetako bat, Gasteizko Plan ta Lan lore dendan. / J. Rejado

Auzoko izeneko programak ehunka pertsona eta hamaika kultura elkartu ditu azken bost urteetan, euskarara gerturatu nahi dutenei harrera linguistikoa eskainiz, baina hizkuntza guztiak aintzat hartuta

Landare bat seinalatuz, oharrez betetako koadernoa eskuan, Juliana Cuervok euskaraz galdetu dio Plan ta Lan lore dendako saltzaileari: «Loretsua da? Ur asko behar du?». Auzoko programako kidea da Cuervo: euskarara gerturatu nahi duten herritarrei harrera egiten dien jarduera. Bigarren eguna du programan El Salvadorren jaiotako gasteiztarrak, eta landare bat erosten ari da, euskaraz. «Ez da oso loretsua, eta ez du ur asko behar, baina kontuz beroarekin; ez jarri berogailuaren ondoan», azaldu dio dendariak, euskaraz, mantso, keinuekin. Haien ondoan Ruben Sanchez dago, Auzokoko dinamizatzailea, behar beste laguntza emanez. Gertu, programan parte hartzen duten beste dozena erdi kide baino gehiago daude, haien landarea erostearen zain, oharrez betetako orriak eskuan.   

Plan ta Lan dendan bizitako pasarte hori ale bat baino ez da bost urteko ibilbidean. Epe hori darama Auzoko programak Gasteizen: bost urte harremanak sortzen euskarara gerturatu nahi duten herritarren eta euskaldunen artean, nor bere nortasun, hizkuntza eta kulturatik. «Programaren asmoa da zuzenean komunikatzea hizkuntza horiek; komunitatea egitea, eta komunitate egite horretan bakoitza agertzea bere kolorearekin», azaldu du Ruben Sanchezek, Auzokoko dinamizatzaileak.

Euskaltzaleen Topaguneak sortu zuen programa duela zenbait urte, Gipuzkoan, nagusiki. Duela bost urte Topagunea bera jarri zen harremanetan Ramon Bajo ikastetxearekin, egitasmoa aurkezteko. «Eskolan aniztasun handia zegoela  heldu zitzaien, euskararekin eta beste hizkuntza batzuekin jarduerak egiten genituela, eta horregatik etorri ziren gurera», gogora ekarri du Ruben Sanchezek. Lehen harreman hori duela bost urte izan zen, bigarren urtean Goian elkartera pasa zen, eta ordutik proiektua garatuz joan da.

Goianek beste elkarte batzuekin harremana duela, eta horiei ere Auzoko programaren berri jakinarazi zietela azaldu du Sanchezek. «Elkarte horietan euskararekin kezka duen norbait badago, edo kezka hori duen norbait heltzen bazaie, bere hizkuntzarekin etortzen da Auzokora». Garapen horretan hiriko beste auzo batzuetara ere heldu da: Salburuko gizarte etxean, Zabalganako institutuan edota Aranbizkarra Ikas Komunitatean ere taldeak izan dituzte.

Sanchezek ohiko funtzionamenduaren nondik norakoak azaldu ditu. Dinamizatzaileaz gain, bi figura daude: batetik auzotarrak, euskara ezagutzen duten herritarrak; eta bestetik auzokideak, euskarara gerturatu nahi duten herritarrak. «Bi hitz horiek, auzotarrak eta auzokideak, esanahi bera dute euskaraz, eta hori bilatzen zen: ez bereiztea. Pertsona batzuk bizi dira euskaratik urrun, eta beste batzuk gertuago, baina hemengoak gara guztiak». Bada, dinamizatzailea arduratzen da jarduerak egiteaz elkarren artean hizkuntza eta kultura trukeak egon daitezen.

Parte hartzaileak ostiralero elkartzen dira Oihanederren, 15:15ean, ordu eta erdiz trukaketa hori gerta dadin. «Talde ideal batean euskarara gerturatu nahi duten zortzi edo bederatzi lagun eta euskaratik gertu bizi diren bi egon daitezke; azken batean, ez dira euskara ikasteko klaseak, eta dinamizatzailea bada euskaldun bakarra batzuk irakasle esaten didate».

Hizkuntza guztien isla

Sanchezek aipatutako hizkuntzen arteko komunikazioaren isla ikus daiteke programako kideak biltzen diren gelan, Oihaneder Euskararen Etxean. Pareta batean, kortxoan jarrita, zenbakiak hainbat hizkuntzatan idatzita daude: euskara, frantsesa, edo hizkuntza, arabiera, dariya eta wolofa. Dienabou Bah Bah auzokidea, Gineako Errepublikan jaiotako gasteiztarra, ekarpen berri batekin heldu da gelara; besapean kartulina more handia du, non zenbakiak pular hizkuntzan idatzi dituen. Kortxoan jarri, irakurri ditu. Gainerakoek errepikatu dituzte zenbakiak. Are, parekotasunak bilatu dituzte pular hizkuntzan zenbakiak esateko moduan eta beste hizkuntza batzuetan esateko moduaren artean.

Pertsonen arteko trukea sustatzeko askotariko dinamikak antolatzen ditu Sanchezek Auzokon, ostiralero. Lore dendara joan aurreko astean, adibidez, parte hartzaile guztiek aurkeztu zuten haien jaioterriko ohiko landare edo lore bat. «Horrek aukera eman zigun gure sorterriaren berri emateko bertan bildu ginenoi, eta besteen herrialdeez ere zerbait gehiago jakiteko», azaldu du Sanchezek. Horrekin batera, landareak erostean zer galdetu daitekeen ere hausnartu zuten, eta hori euskaraz nola galdetu ikasi: ur asko behar duen, loretsua ote den, zenbat balio duen, ongarririk behar al duen…

'Auzotarrak' eta 'auzokideak' dira egitasmoaren protagonistak. / J. Rejado

Jarduera horien moduko hamaika adibide daude ikasturtean, eta Sanchezek adibide gisa jarri du familiako kideen izenak ikasteko ekintzak. «Parte hartzaile bakoitzak haren familiaren argazkia ekar dezake, eta kideen izenak esaten ditugu, nor bere jatorrizko hizkuntzan, eta euskaraz». Mariam Mohamed Afdil Saharan jaiotako gasteiztarrak bigarren urtea du programan, eta oso pozik dago bertako dinamikarekin. Haien seme-alabak euskaraz ikasten ari zirela, eta nolabait laguntzeko eman zuen izena; dena den, euskara «zaila» dela aitortu du. «Bakoitzak modu batean hitz egiten du, eta zaila da ulertzea». Horrez gain, Auzokok sozializatzeko aukera ematen duela azaldu du, inguruko kideetara gehiago gerturatuz.

Hainbat ekintza osagarri

Loreak erosteko jarduera «osagarria» dela azaldu du Ruben Sanchezek; hiru hilean behin egiten dituzte halako ekintzak. Askotarikoak direla gaineratu du. Duela bi urte Eginoko Artzai Gaztaren Zentrora joan ziren, adibidez. Programako parte hartzaileak izan ziren, baita haien seme-alabak ere. Azalpen guztiak euskaraz jaso zituzten zentroan, eta, ondoren, parte hartzaileen seme-alabek gurasoei itzuli zieten azaldutakoa. «Hori da, apur bat, Auzokoren asmoa: bilatzea nola komunikatu zuzenean hizkuntza horiek, bakoitzak bere nortasuna mantenduta», zehaztu du Sanchezek.

Auzoko programaren asmo hori Goian elkarteak sustatzen dituen beste jarduera batzuetara ere zabaldu dela azaldu du programako dinamizatzaileak, Sukaldean solasean dinamikara kasu. Ekintza horietan pertsona batek bere herrialdeko errezeta bat egiten du. «Garai batean gaztelania erabili izan zen zubi hizkuntza bezala, eta orain saiatzen gara dinamika batzuk egiten dauden hizkuntza eta kultura ezberdinak agerrarazteko». Askotarikoak dira bilatutako modu horiek: nor bere burua aurkeztea euskaraz eta beste hizkuntza batean, osagaien izenak bertan daudenen hizkuntzetan esatea… «Gaztelaniara jotzen da batzuetan, zubi hizkuntza bezala, baina saiatzen gara gainerako hizkuntzek eta euskarak bere lekua izatea».

Urtean behin Auzoko jaia ere egiten dute, eta bertan Euskal Herri mailan dauden Auzoko talde guztiak biltzen dira. Jaia egiten den herriko lagun gehiagok parte hartzen du, lekua aurkezteko, elkarrekin bazkaltzen dute… «Egun polita izaten da; 2020an Gasteizen ospatu behar genuen egun hori, baina pandemiagatik ezin izan zen egin», penatu da Sanchez.

Programak iraun duen urteetan egon da dinamizatzaile lanetan Sanchez. Epe horretan «jende pila» pasa dela gogorarazi du, baina kopuruari bainoago, «kalitatean» jarri du arreta. «Hirian dauden pertsona etorkin eta ez etorkinen artean oso gauza txikia da», azaldu du. Horri gaineratu dio ez direla euskara eskolak, euskaraz egindako harrera baizik. Horren eskutik, ikasturteak iraun bitartean kideen artean mugimenduak gertatzen dira, lehentasunek eraginda. Roma Hossain auzokideak, adibidez, azaldu du ezin duela nahi beste parte hartu lana dela eta.

Sanchezek Hossainen moduko kasuak maiz gertatzen direla gogorarazi du. Edonola ere, positiboki baloratzen du Auzokok egindako bidea. «Hemen egondako pertsona batzuk jarraitu dute ondoren ere euskara ikasten, beste batzuk lagunak egin dituzte, inguruko baliabideen berri izan dute... Batez ere horrekin geratzen naiz».

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago