Trenbidea "AHTren zain egon gabe" lurperatzeko eskatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2021ko eka. 23a, 14:10
Ibon San Saturnino eta Arnaldo Otegi, EH Bilduren prentsaurrekoan. / Argazkia: EH BILDU

EH Bildu "atzerapenik gabe eta Abiadura Handiko Trenaren zain egon gabe" trenbidea lurperatzearen alde agertu da, eta EAJ, PSE eta PPko gobernuei leporatu die "azken 25 urteetan milimetro bat aurreratu ez izanaren erantzukizuna".

Asteazken honetan, EH Bilduk bere posizioa agertu du Gasteizko trenbidearen lurperatzearen inguruan azken asteetan piztutako eztabaidaren harira: "Atzerapenik gabe eta Abiadura Handiko Trenaren zain egon gabe" lurperatzeari ekitea eskatu du alderdi subiranistak. Gainera, EH Bilduko Arabako arduradun politiko Ibon San Saturninok EAJ, PSE eta PPko udal gobernuei leporatu die "azken 25 urteetan milimetro bat aurreratu ez izanaren erantzukizuna".

EH Bilduren ustez, lurperatze proiektuak aurrera egin ez izana "apustu irmo baten faltaren ondorioa" da. Hiri osoko lurperatze bat lortzeko lanean jarraituko duela iragarri du San Saturninok, trenbideko korridorea lurperatzea "hiriaren etorkizunerako funtsezkoa" dela iritzita.

Halaber, herrialderako "mugikortasun elektrifikatu iraunkorraren eredua" aldarrikatu du EH Bilduk. Ildo horretan, aldiriko trena bultzatuko du Miranda-Altsasu korridorean, eta Salburuan eta Zabalganean bi geraleku osagarri egokitzea proposatu du.

Lurperatzea hiru fasetan

Azkenik, San Saturninok gogora ekarri du duela hamar urte EH Bilduk proposatu zuela hiru fasetan banatutako lurperatzea egungo ibilbidean: Zabalgana, erdigunea eta Salburua. "Lurperatzeari buruzko eztabaida AHTren eztabaida baino lehenagokoa da, korridorea bihar bertan lurperatu ahal izango litzateke, nahiz eta AHTa urte batzuk geroago iritsi", azpimarratu du.

Arabako erronkak

Joan den igandean Amurrion egindako ekitaldi batean, EH Bilduk Arabako mahai politiko berria aurkeztu zuen, eta Ibon San Saturnino lurraldeko arduradun politiko izendatu zuten. Hain zuzen ere, lidergoa berrituta, San Saturninok asteazken honetan egin ditu adierazpenak, Arnaldo Otegi EH Bilduko Koordinatzaile Nagusiarekin bilera bat egin ostean. Arabako erronken inguruan aritu dira: besteak beste, ehun industrialaren krisia, erronka demografikoa, zaintzen pribatizazioa edota trantsizio energetikoa.

Ildo horretan, San Saturninok azpimarratu du azken aldian EH Bilduk mahai gainean jarritako zenbait proiektu estrategiko: esaterako, BiziOn Zaintza Plan Estrategikoa edo klima aldaketari aurre egiteko eta Araba karbonoan neutro izan dadin ibilbide-orria zehazteko asmoa duen Araba Zero Karbono plana.

Halaber, Miñaon elektrolito solidozko baterien ikerketa eta ekoizpena bultzatzeko gigafaktoria bat jartzearen aldeko apustua gogorazi du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide