Bizi On

Arabako zaintza sistema "iraultzeko" plan estrategiko bat proposatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2021ko mai. 4a, 14:10

Claudia Venceslao, EH Bilduko batzarkidea. / EH BILDU ARABA

EH Bilduk BiziON izeneko plan estrategiko bat aurkeztu du, Arabako zaintza sistema hobetzeko eta kalitatezko arreta zein lan baldintza duinak bermatzeko helburuarekin. Besteak beste, Adinekoen Behatokia eta Bulegoa sortzea proposatu du.

"Adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko, banakako ibilbideak sortzeko, egoitzetara joatea atzeratzeko eta haien parte hartzea sustatzeko", BiziON plan estrategikoa aurkeztu du EH Bilduk. Gaur egungo zaintzaren paradigma aldatu nahi du, eta, gainera, sektorean lan egiten duten pertsonen baldintza duinak bermatuz egin nahi du.

Proiektuak jasotzen dituen proposamenen artean, besteak beste, Adinekoen Behatokia sortzea dago; eta, horrekin batera, egungo hiru zerbitzu indartzea: eguneko zentroak, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua eta egoitza arreta.

2050ean EAEko biztanleriaren %32 izango da 65 urtetik gorakoa

EH Bilduko kide eta ordezkari Claudia Venceslaok, Rocio Viterok eta Alberto Porrasek eman dituzte plan estrategikoaren xehetasunak. Azaldu dutenez, Arabako gizarte zerbitzuen "egoera kezkagarria" aztertu ondoren heldu da EH Bilduren proposamena: "Adinekoei laguntzeko plazak eta zerbitzuak sortzea ez da egokitzen aldaketa demografikora", azpimarratu dute.

"BiziON sektoreko eragileekin, sindikatuekin, erabiltzaileekin eta senideekin ekarpenak egiteko dokumentu irekia da oraindik", azaldu dute EH Bilduko bozeramaileek, eta datorren maiatzaren 12an sektoreko eragile eta sindikatuekin partekatuko dute dokumentua.

"Iraultza bat"

Arabako biztanleria zahartzen ari da. EH Bilduk plazaratutako datuen arabera, 2050ean EAEko biztanleriaren %32 izango da 65 urtetik gorakoa. Plazen kopurua, ordea, eskaritik urrun dago, eta administrazio publikoek "pribatizazioaren alde" egin dutela deritzo EH Bilduk. "Zainketen inguruko negozio bat sortu da, eta zaintzarako low cost eredu bat ezarri da. Horren bidez, enpresa onura lehenesten da kalitatezko zainketa publikoen aurrean", kritikatu du Alberto Porras EH Bilduko zinegotziak.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk "iraultza bat" planteatu nahi du zainketen arloan. Iraultza horren oinarrian Errotuz dago: gizarte anbulatorioak sortzea, adinekoen inguruan diziplina anitzeko arreta hobetzeko eta haien egoitza prozesua ahalik eta gehien luzatzen saiatzeko, bizi den ingurunekoen partaidetzarekin.

Horrekin batera, EH Bilduk zerbitzuak progresiboki publifikatzea proposatu du, zerbitzuen kalitatea zein lan baldintza duinak bermatzeko bi tresnaren bidez: gizarte zerbitzuen sektorerako hitzarmen bat eta zerbitzu horien itunpetzea arautuko duen foru arau bat onartzea; bereziki egoitzen kasuan.

Adinekoen Behatokia eta Bulegoa

Bide horretan, Adinekoentzako Behatokia sortzea proposatu du EH Bilduk, baita Adinekoei Laguntzeko Bulegoa ere. Bulego horren helburua adineko pertsona bakoitzaren egoera aztertzea da, pertsona horrekin adostutako eta bere beharretara egokitutako Banakako Laguntza Plan bat garatzea litzateke.

"Bulego horretatik bertatik planaren jarraipena eginen da, baita planaren egokitasuna ere, beharrezkoa denean. Bulegoko beste lan bat radarra izango da, arazoak eta beharrak garaiz antzemateko", azaldu du Rocio Viterok.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua

Bestalde, EH Bilduk gako bezala identifikatu duen beste esparru bat Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua "modu erabakigarrian" sustatzea planteatu du, "pertsonen autonomia sustatzeko funtsezko zerbitzua delako". Pribatizatutako zerbitzu hori udalen eskumena dela ohartarazi du EH Bilduk, eta bere gain hartutako zerbitzu publiko bihurtu behar dela aldarrikatu du.

"Kalitatezko zerbitzua emateko, zuzeneko arretako orduak nabarmen gehitu behar ditu", azpimarratu du Viterok, eta zuzeneko laguntzako tarte hauek izatea proposatu du:

  • 0 graduetarako: 6 ordu astean.
  • I. graduetarako: 14 ordu astean.
  • II. graduetarako: 20 ordu astean.
  • III. graduetarako: 30 ordu astean.

Janari zerbitzuak hobetzea ere jasotzen du plan estrategikoak. "Epe laburrean, menu bat eskatzeko eta jantoki guztietan sukalde propioa izateko prozesua azkartzea, hurbileko kontsumoa eta eskariaren arabera beharrezko menuak prestatzeko aukera bermatzeko. 2030. urterako, herri eta auzoetan kokatutako jantoki irekiak sortzea eta gune txikienentzako banaketa zerbitzua sortzea" proposatu du EH Bilduk.

Egoitzako arreta

Azkenik, egoitzako arretari dagokionez, mendekotasun graduen araberako hiru zerbitzu mota planteatzen ditu BiziON plan estrategikoak:

  • Apartamentu babestuak: 0 eta I mendekotasun graduak dituzten adinekoentzat. Taldeko etxebizitzak dira, gehienez ere hamabi apartamentu lituzketenak, apartamentu independente eta eremu komunekin.
  • Etxebizitza komunitarioak: gehienez hamalau lagun hartuko lituzkete, eta pertsonek banakako edo partekatutako gela aukeratu ahal izango lukete. Inguruan sukaldea eta gune komunak izango lituzke.
  • Zaintzako etxeak: mendekotasun maila handiko adinekoentzat. Tamaina ertainekoak, gehienez ere 25 lagun hartuko lituzkete, banakako gelatan arreta jasotzen duten pertsonen behar espezifikoei erantzuteko; horrez gain, aisialdirako gune komunak ere izango lituzkete.

Trantsizioa

Lurraldeko zaintza sisteman proposatutako "iraultza" hori gauzatzeko, "egokitze-prozesu bat ezinbestekoa" dela aitortu du EH Bilduk, baina "kudeaketa publikorantz aurrera egitea eta egoitza handiak aldatuz joatea" aldarrikatu du. Beraz, bitarteko fase horretan, makro-egoitzetan hogei pertsonako moduluak sortzea proposatu dute.

Horrekin batera, "kalitatezko arreta eta langileen lan baldintzen funtsezko hobekuntza" bermatzeko, plazen hitzarmena arautuko duen foru araua aldarrikatu dute. "Araudi berri horren helburua lan baldintzak homogeneizatzea da, bai lanekoak bai arretakoak, eta baldintza horiek, ahal den neurrian, baliabide publikoetan daudenekin parekatzea", azpimarratu du Claudia Venceslaok.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago