Araba Zero Karbono

2050ean Araba karbonoan neutroa izateko plana aurkeztu du EH Bilduk

Erredakzioa 2021ko eka. 16a, 12:30
Mikel Otero, Amancay Villalba eta Kike Fernandez de Pinedo. / EH BILDU

EH Bilduren Araba Zero Karbono planak energia berriztagarriaren ekoizpena %500 handitzea eta kontsumoa %30 murriztea proposatu du 2030erako, kontsumo gordinaren %35 berriztagarriekin hornitzeko tarteko agertoki batean.

Asteazken honetan, EH Bilduk Araba Zero Karbono asmo handiko plana plazaratu du. 2050erako Araba karbonoan neutroa izatea da azken helburua, eta lau printzipiotan oinarritzen da egitasmoa: "Energia subiranotasuna, kontrol publikoa eta demokrazia energetikoa, natur ondarea zaintzea eta adostasunak lortzeko beharra", azpimarratu du EH Bilduk.

Zerumuga horretara iristeko, baina, 2030erako tarteko agertoki bat proposatu du alderdi subiranistak: energia berriztagarriaren ekoizpena %500ean biderkatzea, kontsumo gordinaren %35 energia mota horretatik lortzeko; eta, horrekin batera, kontsumo orokorra %30 murriztea. Horretarako 2.300 milioi euroko inbertsioa beharko litzateke.

Planaren arabera, 2050erako lurraldea karbonoan neutroa izateko, honako helburuak lortu beharko lirateke ondorengo bi hamarkadetan: kontsumoa %40 murriztea eta horren %95 energia berriztagarrietatik etortzea.

Mikel Otero legebiltzarkideak, Kike Fernandez de Pinedo batzarkideak eta Amancay Villalba zinegotziak EH Bilduren planaren xehetasun guztiak eman dituzte. "Horrek esan nahi du gaur egungo ekoizpen berriztagarria bider hamar handituko dela. Gaur egun urteko 1.000 gigawatt-ordukoa (GWh) da, hau da, ekoizpen osoaren %7,5", azaldu dute.

Haraino iristeko, 2030eko tarteko agertokian, ekoizpen berriztagarria bider bost handitzearen beharra azpimarratu dute. 2.300 milioi euroko inbertsioa planteatu du EH Bilduk, energia fotovoltaikoko 2.250 GWh eta energia eolikoko beste 1.000 GWh ekoizteko.

Klima aldaketa

"Behingoagatik ekin behar diogu klima aldaketaren kontrako borrokari", aldarrikatu du Villalbak. "Eraldaketa horrek arriskuak ditu, eta gure lurraldea enpresentzako eta inbertsio-funtsetarako erakargarria izan daiteke. Zoritxarrez, badirudi herrialdeko erakunde nagusiek Araba aukera lurralde gisa hartu dutela, estrategiarik eta kontrolik gabe", gaineratu du.

Horregatik, zinegotziak "planifikazio irmoa, estrategia eraginkorra eta kudeaketa demokratiko, garden eta kolaboratiboa" eskatu die erakunde publikoei, "interes publikoa eta errentagarritasun soziala lehenesteko".

Kontsumoa murriztu, berriztagarriak hedatu

Bestalde, Mikel Oterok azaldu du azken 30 urteetan "etengabe" hazi dela energiaren kontsumoa, eta, gainera, "kanpoko energia mendekotasun izugarria" dagoela. Horregatik, bi ildotan kokatu ditu 2030erako helburuak: alde batetik, energia aurrezkiaren eta eraginkortasunaren bidez kontsumoa murriztea; eta, aldi berean, energia berriztagarriak hedatzea.

Energia berriztagarrien hedatzea "ingurune naturala eta biodibertsitatea errespetatuz" egin behar dela azpimarratu du Oterok, babes edo paisaia eremu gisa katalogatutako naturguneak eta mendiak eta babestutako flora edo fauna ukitzen dutenak baztertuz.

"Helburu horiek Europarekin lotuko gaituzte, Europa mailan jarriko gaituzte, eta esan ahal izango dugu 2030erako berotegi gasen emisioa %55 jaitsiko dela 1990eko datuekin alderatuta, urte hori hartzen baita erreferentzia gisa", zehaztu du Oterok.

EH Bilduk hainbat neurri zehatz proposatu ditu energia fotovoltaikoari eta energia eolikoari dagokionez:

Energia fotovoltaikoa

  • Plaka fotovoltaikoak jartzea lurraldean dauden estalkien %50ean, energia komunitateen, kooperatiben eta bestelako lankidetza formulen bidez.
  • Instalazio txiki eta ertainak, guztira 1.500 GWh/urteko potentzia instalatua lortu arte.
  • Ekian eta Ekienearekin batera, 320 MW gehiago instalatzeko 350 hektareako lurzoru bat okupatzea. Eguzki-baratze horietarako, antropizatutako eta erabiltzen ez diren eremuak planteatu ditu EH Bilduk, hala nola edukiera handiko errepide sarea, Noryesteko baltsa, Arraia-Maeztuko Laminoriako harrobian erabiltzen ez diren eremuak edo Lagraneko golf zelai abandonatua.

"Energia sorkuntza sakabanatua, bereziki sakabanatutako energia fotovoltaikoa, hurrengo hamarkadetako apustu publiko nagusia izan behar da. Ez bakarrik antropizatuta dauden espazioak energia sortzeko errentagarri bihurtzeak duen eraginagatik, baita energia sorkuntzan eta kontsumoan demokratizatzeko bidean dakarren paradigma aldaketagatik", azpimarratu du Kike Fernandez de Pinedok, "lankidetza publiko-komunitarioa" aldarrikatuz.

Autobide fotovoltaiko bat, Txinan. / Argazkia: autoconsumo.org

 

Energia eolikoa

  • Badaiako eta Elgea-Urkilako parke eolikoak indartzea, ekoizpena ia hirukoizteko eta urtean 300 GWh ekoiztetik 800 GWh ekoiztera pasatzeko.
  • 80 MW gehiago instalatzea "adostasun soziala eta politikoa" ahalbidetzen duten kokalekuetan.
  • Energia mini-eolikoa sustatzea ekoizpen eolikoa osatzeko eta ekoizpen fotovoltaiko sakabanatua osatzeko, gaueko aldizkakotasunari erantzunez. "Proiektu horien aldeko apustu eraginkorrari esker, urtean 1.750 GWh ekoitziko dira 2030ean", azaldu du EH Bilduk.

Beste energia berriztagarriak

Energia fotovoltaikoak eta eolikoak erdigunean jarri arren, energia hidroelektrikoa, biomasaren aprobetxamendua eta geotermia ere erabiltzea proposatu du EH Bilduk. Horrez gain, udalerriz udalerri garatu beharreko industria prozesuetatik eratorritako energia berreskuratzea planteatu du, tokiko energia planen bidez.

Energia eraginkortasuna

Azkenik, energia eraginkortasunari dagokionez, Araba Zero Karbono planak arreta berezia eskaini die garraioari, industriari eta eraikuntzari:

  • Garraioa: egungo trenbide korridoreak indartzea eta garraio publikoa elektrifikatzeko bidean aurrera egitea.
  • Industria: batez ere bero gisa galtzen duen %40 berreskuratzeko prozesuak eta industria-lurzorua energia berriztagarrien sorkuntzarako erabiltzeko prozesuak.
  • Eraikuntzak: zaharberritzea, energia berriztagarriak sortzea, eta eraikin berriak egiteko irizpideak berrikustea parametro bioklimatikoen eta energia autosufizientziaren arabera.
Energia minieolikoa 100 kW-tik beherako potentziako haize-sorgailuetan datza.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide