Gorka Urtaran alkateak ekainaren 3an jakinarazi zuen Udalak Olarizu hiribidean okupatutako azken blokeak berehala hustuko zituela, nahitaezko utzarazpena gauzatzeko epailearen baimena lortu ostean: "Esana eta egina. Olarizuko legez kanpoko okupei jakinarazten ari gara auzoa berehala hustuko dugula. Egun gutxi batzuetako kontua da. Geroxeago birgaituko dugu eremu hori, hiriarentzat berreskuratzeko", adierazi zuen alkateak.
Olarizuko bloke okupatuetan geratzen ziren familiek ekainaren 8ra arteko epea izan dute etxebizitzak borondatez husteko. Epea agortuta, nahitaezko utzarazpenari ekin dio Udalak. Astelehen honetako 7:00etan agertu dira Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren lehen patruilak, eta 8:00ak aldera hasi dira bizilagunak kaleratzen, kale osoko sarbidea itxi ostean; kazetariek eta herritarrek hesien atzetik jarraitu behar izan dute operazioa.
Azken bizilagunek ez dute erresistentziarik agertu, eta etxeko gauzak ateratzeko aukera izan dute. 10:00etarako etxeetatik kanpo zeuden jada. Astearte honetan, bizilagun gutxi batzuk geratzen ziren etxebizitza okupatuetan; iturri ezberdinen arabera, 6 eta 25 pertsona artean.
Udal zein epaitegiko teknikariek eraikinak hutsik daudela eta bertan amiantorik ez dagoela egiaztatu behar izan dute ondoren, eraispenari argi berdea eman aurretik. Bitartean, Udalak jakinarazi duenez, bloke batzuk barrutik eraisten eta hormatzen hasi dira.
???? Olarizu hiribideko bloke okupatuetako azken bizilagunak kanporatzen ari da Udaltzaingoa. Etxeko gauzak ateratzeko aukera izan dute https://t.co/8uwaFWIPP2 pic.twitter.com/ohs5PzAsKv
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) June 8, 2021
Arratsaldean, kazerolada
Azken hilabeteetan, Udalak banan-banan jakinarazi die utzarazpenak bizilagunei, eta ziurtatu du familia zaurgarrienei irtenbidea bilatzen lagundu diela. Hala ere, etxegabetze prozedura "legeriarekin bat ez datorrela" salatu dute Olarizuko bizilagunek. Errekurtso ugari jarri dituzte azken urtean zehar, eta euren "beharretara egokitutako" etxebizitzatan birkokatzea eskatu dute.
Azken egunetan, gainera, bertan geratzen ziren bizilagun askok lo egiteko lekua bilatu behar izan dute inguruko fabrika edo biltegi abandonatuetan, bizitoki alternatibarik gabe.
Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Ekimenak (Inor Ez Etxerik Gabe) etxegabetzeak salatzeko protesta deitu du 7:00etatik aurrera: "Ez ditzagun bizilagunak bakarrik utzi", eskatu dute sare sozialen bitartez zabaldutako mezuan. Gainera, 17:30ean elkarretaratze zaratatsua egin dute Olarizu hiribidean, etxegabetzeak eta Udalaren "azken urteetako jarrera" salatzeko eta etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko.
Olarizun gertatutakoa salatu dugu, lotsagarria #Gasteizko Udalaren jarrera azken urteetan
— Gasteizen, Inor Ez Etxerik Gabe - Derecho a Techo (@GasteizenA) June 8, 2021
Esta tarde hemos vuelto a reivindicar el derecho a la vivienda para todas las personas, tras el desahucio de lxs ultimxs vecinxs de Olarizu#UrtaranDesahucia#EtxebizitzaGuztiontzat pic.twitter.com/eYdRsqV6uG
Eraispena
Ondorengo urratsa udal jabetzako etxebizitza horien eraispena izango da, azken urteetako hirigintza asmoak gauzatzeko. Izan ere, eraispena duela ia hamarkada bat planteatu zen arren, azken urteetan etxebizitza ugari okupatu dituzte bizitoki alternatibarik gabeko pertsonek. Egoera konplexu horrek blokeak husteko eta eraisteko prozesua atzeratu du orain arte.
Aurreikuspenen arabera, gehienez ere bost hilabeteko epean gauzatu beharko da eraispena, baldin eta etxebizitzak astearte honetan bertan hutsik geratzen badira.
Emilge, tutoretzapeko apartamentu batean
Olarizuko utzarazpenak utzi dituen dozenaka istorioren artean, Kaleratzeak Stop plataformak Emilgeren kasuaren berri eman du. Emakume pentsiodun eta elbarria da Emilge, eta gaur goizean bertan bere gauzak jaso eta Olarizuko etxebizitza utzi du, plataformako zenbait boluntarioren laguntzarekin. Azken momentuan, bizitegi alternatiba bat lortu du babespeko apartamentu batean.
"Hainbeste urte argirik, urik eta igogailurik gabe... Bere buruari galdetzen dio, etxebizitza egoki baterako eskubide subjektiboa aitortua izanik, zergatik erakundeek azken unera arte itxaron behar izan duten pertsonentzat funtsezkoa den eskubide bat gauzatzeko, Euskal Etxebizitzari buruzko Legearen arabera 2019ko maiatzetik aitortuta dagoen bezala", galdetu du Kaleratzeak Stop elkarteak.
Joan den ostiralean, ekainaren 4an, Emilgek Administrazioarekiko Auzien Auzitegian aurkeztu zuen nahitaezko etxegabetzea eteteko eskaera, ez zuelako beste bizilekurik. "Emilge, 830 euroko baliaezintasun pentsioarekin eta %43ko elbarritasunarekin, ez da gai izan Gasteizen alokairu eskuragarri bat topatzeko", azaldu dute.
Ostiralean bertan, Gasteizko Udaleko gizarte zerbitzuek jakinarazi zioten tutoretzapeko apartamentu bat emango ziotela behin-behinean, eta Etxebideko etxebizitza sozial bat zuzenean esleitzea eskatu ziotela; hala ere, azken horrek hainbat hilabete beharko ditu gauzatzeko.
Bitartean, Kaleratzeak Stop elkarteak galdetu du ea Udalak zer egingo duen orain, "Euskal Etxebizitzari buruzko Legearen arabera alokairu sozialari esleitu beharreko baliabide bat den lursail publiko batekin".