Gorka Urtaranek goizeko lehen orduan jakinarazi du Udalak Olarizu auzoaren berehala hustuko duela: "Esana eta egina. Olarizuko legez kanpoko okupei jakinarazten ari gara auzoa berehala hustuko dugula. Egun gutxi batzuetako kontua da. Geroxeago birgaituko dugu eremu hori, hiriarentzat berreskuratzeko", adierazi du alkateak bere sare sozialetan.
Dicho y hecho. Estamos notificando a los okupas ilegales de #Olarizu su desalojo inminente. Ya es cuestión de unos pocos días.
— Gorka Urtaran Agirre (@gorka__urtaran) June 3, 2021
Geroxeago birgaituko dugu eremu hori, hiriarentzat berreskuratzeko. #VitoriaGasteiz pic.twitter.com/Ze4Bfxml6W
Hortaz, Olarizuko bloke okupatuetan geratzen diren familiek ekainaren 8ra arteko epea izango dute etxebizitzak borondatez husteko, eta bestela nahitaezko utzarazpenari ekingo dio Udalak. Bitartean, Udala Olarizu etorbideko zenbait eraikin hesitzen hasi da.
Ondorengo urratsa udal jabetzako etxebizitza horien eraispena izango da, azken urteetako asmoa gauzatzeko. Izan ere, eraispena duela ia hamarkada bat planteatu zen arren, azken urteetan, etxebizitza ugari okupatu dituzte. Egoera konplexu horrek blokeak husteko eta eraisteko prozesua atzeratu du orain arte.
Hala ere, testuinguru konplexu horretan, okupatutako 25 etxebizitza inguru geratzen dira oraindik. Azken hilabeteetan, Udalak banan-banan jakinarazi die utzarazpenak bizilagunei, eta ziurtatu du familia zaurgarrienei irtenbidea bilatzen lagundu diela. Hala ere, etxegabetze prozedura "legeriarekin bat ez datorrela" uste dute Olarizuko bizilagunek. Errekurtso ugari jarri dituzte azken urtean zehar, eta euren "beharretara egokitutako" etxebizitzatan birkokatzea eskatu dute.