Olarizuko bizilagunek berriro errekurrituko dute etxebizitzak uzteko agindua

Erredakzioa 2021ko ots. 5a, 17:56

Bizilagunen Okupatu Zure Bizitza elkartearen prentsaurrekoa. / INOR EZ ETXERIK GABE

Gasteizko Udalak bultzatutako etxegabetze prozedura "legeriarekin bat ez datorrela" uste dute Olarizuko bizilagunek. Berraztertzeko errekurtsoak jarriko dituzte, eta euren "beharretara egokitutako" etxebizitzetan birkokatzea eskatu dute.

Olarizuko bloke okupatuetan bizi diren 40 familiak 58 bizilagun inguru Udalaren jakinarazpenak jasotzen hasi dira, etxebizitzak hustu ditzaten. Jakinarazpena jasotzen duten egunetik, zortzi eguneko epea dute agindua betetzeko. Urriaren 29an jarritako 35 alegazioak ezetsi ditu Gasteizko Udalak, baina berriz ere erabakiaren aurkako helegiteak jarriko dituztela iragarri dute bizilagunek.

Euren "beharretara egokitutako etxebizitzetan birkokatzea" eskatu dute, ostiral honetan Plaza Berrian eskaini duten prentsaurrekoan. Bizilagunak biltzen dituen Okupatu Zure Bizitza elkartearekin batera, Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Ekimena izan da agerraldian; gainera, Kaleratzeak Stop plataformak babesa adierazi die bizilagunei.

Hilabeteko epea errekurtsoak aurkezteko

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Udalak etxebizitzak bere ondarean hartzen dituen unetik, legez emandako ahalmenak sortzen dira horien jabetza defendatzeko. Une horretan hasten da, legearen arabera, ondare-ondasunak ofizioz berreskuratzeko urtebeteko epea.

"Udala higiezinaren titulartasun-aldaketa aprobetxatzen saiatzen ari da, legez kontuan har ez dadin zenbat denbora daramagun etxebizitza horietan, hau da, urtebete eta zazpi urteren artean; eta Udalak badaki", salatu dute. "Urte hautan zehar, gogor lan egin dugu Olarizu Etorbideko etxebizitza abandonatuak leku bizigarri eta duinak bihurtzeko".

Olarizuko bizilagunen ustez, Udalak gauzatu nahi duen prozedura "ez dator bat legeriarekin". Horregatik, berraztertzeko errekurtsoak jarriko dituzte. Legeak hilabeteko epea zehazten du horretarako, eta, beraz, oraingoz ezin izango dituzte etxebizitzetatik kanporatu.

Alokairu soziala

Etxebizitzak uzteko zortzi eguneko epea ezartzea "guztiz inkoherentea" dela deritzote, errekurtsoa aurkezteko epe barruan daudelako. Izan ere, Sindikoaren esku hartzea eskatu dute, kaleratzea geldiarazteko administrazio-bidea eta bide judiziala ebatzi arte.

Salatu dutenez, gizarte zerbitzuetatik eskaini zaizkien irtenbideak "guztiz desegokiak eta oso behin-behinekoak" izan dira. "Eskaini zaigun bizitoki-aukera bakarra udal aterpetxea da, kasurik onenean", kritikatu dute.

Gainera, azaldu dutenez, inoiz ez diote uko egin euren baldintza ekonomikoetara egokitzen den alokairu bat ordaintzeari: "Eskatzen duguna da gure familia-beharretara egokitutako etxebizitzetan ostatu ematea, dagokion alokairu sozialaren prezioa ordainduta".

Ur-zerbitzurik eta argindarrik gabe jarraitzen dute. Zentzu horretan, "abandonatuak eta koakzio instituzionalaren biktima" izan direla salatu dute, pandemiaren ondorioz ezarritako konfinamendu betean eta "Gizarte Politiketako Sailaren inolako laguntzarik gabe". Horrez gain, ur bila atera direnean, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren zigorrak jaso dituzte.

Etxebizitza eskubidea

"Lege konstituzionala eta giza eskubideak urratzen dituzte, eta haien asmoa da gu guztiok kale gorrian uztea bizileku alternatiborik gabe", salatu dute. "Gure ametsak, gure gauzak, gure familiekin etxe seguru batean bizitzeko gure gogo eta itxaropenak eraitsi nahi dituzte. Gasteizen alokairu sozialerako etxebizitzak birgaitzeko dirua erabiliko dute gure etxebizitzak eraisteko".

"Olarizuko bizilagunok badugu ahotsa. Etxebizitza duina izateko ahal dugun guztia egingo dugu, ez gara geldituko Gorka Urtaran jaunaren eraso estrategikoen aurrean. Kalea ez delako bizitzeko aukera bat. Etxebizitza duina izatea eskubidea delako, ez luxua", azpimarratu dute.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago