Ostiral goizean, Gasteizko udal gobernuak dosierra aurkeztu du epaitegietan eta Olarizuko eraikinak eraisteko lanak esleitu ditu. Horrela, Olarizu hiribidean okupatuta jarraitzen duten 25 etxebizitzetan sartu eta horiek utzarazteko baimena eskatu dio epaileari.
Bestalde, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du etxebizitza eraikin horiek eraisteko lanen kontratua Campezo Obras y Servicios S.A. eta Excavaciones Iparlur SLU enpresei esleitzea, 795.757 euroko aurrekontuarekin.
Etxebizitza guztiak hutsik daudenean eta zuinketaren egiaztapenaren aktan finkatzen den egunetik hasita, eraispena gauzatzeko epea bost hilabetekoa izango da, lanak etenik gabe egiteko aukera egonez gero; gehienez ere, hamalau hilabetetan egin beharko da. Eraikin bakoitza eraisteko epe partziala hilabetekoa izango da; eraikin bakoitzeko atari bakarra dagoenez, bakoitzari dagozkion lanak hasten diren egunetik zenbatzen hasiko da.
"Hitzeman genituen urratsak ematen jarraitzen dugu, eta prozedurak berme guztiekin jarraitzen ari gara: etxebizitzak lehenbailehen utzarazi eta eraitsi ahal izateko", nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.