Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Nazionala astearte honetan, ekainaren 1ean, inauguratuko dute. Bertan izango dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Espainiako errege-erreginak eta Pedro Sanchez Espainiako presidentea.
Horren aurrean, Memoria osoa bizikidetzaren alde, giza eskubideen urraketen arteko diskriminazioari ez lelopean, Memoria Osoa sareak elkarretaratzea deitu du, 12.00etan Gasteizko Foru plazan. Bertan, Memorialaren "planteamendu diskriminatzailea" arbuiatu egingo dute. Horrekin batera, "giza eskubideen urraketa guztiak barne hartuko dituen memoria integral batean oinarritutako dinamikak" martxan jartzeko beharra eta bizikidetza "inolako bazterketarik gabe" eraiki behar dela aldarrikatuko dute.
"Bizikidetzaren aurkako erasoa"
Memoria Osoa sarea 2020ko abenduaren 10ean aurkeztu zuten, Gasteizen irekitzekoa den Memorialaren aurrean "memoria eta gatazkaren testuinguruan gertatutako giza eskubideen urraketak ikuspegi integral eta ez-diskriminatzaile batetik lantzeko beharra" aldarrikatzeko helburuarekin.
Bost hilabete hauetan, sarea osatzen dute taldeek salatu izan dute Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa "bizikidetzaren aurkako erasoa" dela, eta arbuioa adierazi dute "planteamendu baztertzaile batean oinarritzen delako". Izan ere, kritikatu dutenez, Estatuaren aparatuek eragindako indarkeriaren milaka biktima "kanpoan" utzi ditu.
Zentroak 1960. urtea hartuko du erreferentzia gisa bere edukiak antolatzeko. "Data hori guztiz ausazkoa da diktadura frankistaren erdian, eta ez dator bat estatu terrorismoak bere forma ugarietan lehenago eta geroago eragindako sufrimenduaren mapan jaso behar den errealitatearekin: fusilamenduak, epaiketaz kanpoko exekuzioak, tortura...", salatu du Memoria Osoa sareak.
"Asko dira gurean indarkeria adierazpen anitzek eragin dituzten zauriak, gatazkaren hamarkada luzeetan. Ez ditugu ahaztu nahi eta ezin ditugu ahaztu pairatu ditugun giza eskubideen urraketa horiek guztiak", adierazi dute. "Baina, tamalez, gaurkoan gure memoria kolektiboa modu zatikatuan jorratzen duen eta errealitatearen zati handi bat baztertzen duen zentro bat nola zabalduko duten ikusi beharrean gaude".
Hori guztia "bizikidetzarako arazo bat" dela deritzote memoria historikoaren aldeko elkarteek, giza eskubideen urraketa guztiak kontuan hartzen dituzten proiektu eta dinamika "eraikitzaileak eta integralak" behar direla azpimarratu dute. Beren ustez, horixe da "bakea eta bizikidetza eraikitzeko abiapuntua".
"Gizarte osoaren erantzukizuna"
Memoria Osoa sarearen aburuz, "bizikidetza adiskidetsu eta demokratikoa sustatzea gizarte osoaren erantzukizuna da, eta botere publikoen betebeharra". Halaber, "jatorri ezberdinetako indarkeriek hamarkada luzeetan zehar eragindako tragediaren oroimenak berriz horrelakorik ez dela errepikatuko bermatzeko" balio behar duela aldarrikatu dute.
Ildo horretan, "gizarte osoak bere burua ordezkatuta sentituko duen ekimenak" abian jartzea exijitu dute, "alde batek bizi duen errealitatea" isilarazi gabe.
Hogei elkarte baino gehiago
Hamahiru elkartek abiatu zuten egitasmoa —tartean, Martxoak 3 Elkarteak—, eta gaur egun hogei talde baino gehiago daude sarean: Amapola del Camino, Oroituz Andoainen Elkartea, Memoriaren Autobusa, Durango 1936, Gernika Memoriaren Lekuko, Gernika Batzordea, Goldatu Elkartea, SF78 Gogoan, Egia-Justizia-Kalteordaina Genocidio Donostia, Intxorta Kultur Elkartea, Egiari Zor Fundazioa, Martxoak 3 Elkartea, Berriz 1936 Gogoratzen eta Memoria historikoa Bidasoan-Kepa Ordoki elkartea; ondoren gehitu dira Ahaztuen Oroimena 1936, Arabako Ateneo Errepublikanoa - Eraiki, Balmaseda 1937, Baskale elkartea, Castet Elkartea Zaldibar, CNT, ESK, Etxebarrieta Memoria elkartea, Hitz&Hitz Fundazioa, Munizipalistok Gasteiz eta Orreaga Fundazioa.