Hainbat urteko polemikaren eta irekiera ekitaldia hainbat aldiz atzeratu ostean, hurbil da Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa bezala izendatutako museoaren inaugurazio ofiziala. Vocento taldeak argitaratu duenez, ekainaren 1ean izango da ekitaldia eta Iñigo Urkullu lehendakaria ere bertan izango da. Berarekin batera, Espainiako errege-erreginak (Felipe VI.a Borboikoa eta Letizia Ortiz) eta Espainiako presidente Pedro Sanchez egongo dira.
Egitasmoa 2011n jarri zen martxan, duela hamarkada bat. Hasieratik Gasteizen kokatzea erabaki zuten sustatzaileek, hain zuzen ere, Espainiako Bankuaren eraikin zaharrean. Eraikina bera egokitzeko lanak duela hiru urte amaitu ziren, baina ingurua egokitzeko lanek eta pandemiak behin eta berriz atzeratu dute irekiera.
Vocento taldeak jakitera eman duenez, museoa lau ataletan banatuko da:
- Testuingurua: "Espainiako eta munduko terrorismoaren historia". ETAz gain, beste aipamen batzuk egongo dira: GAL, Batallon Vasco Español, New Yorkeko Irailaren 11ko atentatuak eta beste eraso jihadista batzuk, besteak beste.
- Egileak eta beren ingurunea: "Nola jokatu zuten? Zergatik?".
- Erantzun soziala, poliziala eta judiziala.
- Biktimen oroitzapena. Hainbat testigantza, idatzizkoak zein ikus-entzunezkoak, "memoria biziari forma emateko" helburuarekin.
Ortega Lararen zuloa
Zalantzarik gabe, 1996 eta 1997 artean ETAk Jose Antonio Ortega Lara bahituta gordetzeko eraiki zuen zuloaren erreplika izango da ikusmin handiena eragin duen elementua. Espetxe funtzionarioak 532 egun eman zituen hiru metro luze, 2,5 metro zabal eta 1,80 metro altuerako lur azpiko gela txiki batean.
Eredu diskriminatzailea
Azken hamarkadan zehar, proiektuak kritika ugari jaso ditu biktimen arteko "diskriminazioa" eragiteagatik. 2020ko abenduan, Euskal Herri osoko memoria eragileek Terrorismoaren Biktimen Zentroaren "eredu diskriminatzailea" arbuiatu zuten, museoak milaka biktima aitortu gabe utziko dituelako; besteak beste, Gasteizen bertan 1976ko Martxoaren 3an poliziak hildako bost langileak.
Horren aurrean, Memoria osoa, bizikidetzaren alde kanpaina aurkeztu zuten, eta, zehazki, datorren asteartean inauguratzekoa den museoa "ez onartzeko" eskatu zieten Araba zein Gasteizko jendarte eta erakundeei.
Memorialaren irekieragatik protesta egiteko, Memoria Osoa plataformak eta Martxoak 3 Elkarteak elkarretaratzea deitu dute asteartean, 12:00etan Foru Plazan.