Aurreikuspenak betez gero, 2022rako prest egongo da Postetxearen eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren arteko plaza berria. Gasteizko Udalak Memoriaren Plaza bezala izendatu du proiektua, eta Gorka Urtaran alkateak azken xehetasunen berri eman du ostegun honetan, etorkizuneko plaza hartuko duen eremutik bertatik, Espazio Publikoko zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderorekin batera.
Obrak gauzatu ahal izateko 2,1 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta Udalak kanpo-finantzaketako 1,1 milioi lortu ditu: horietatik, 800.000 euro jarriko ditu Espainiako Gobernuak, eta Eusko Jaurlaritzak beste 300.000 euro (hiriburutza-kanonaren barruan). Gasteizek, beraz, milioi euro bat inbertituko du proiektua aurrera eramateko.
Ostegun honetan bertan kontratua lizitaziora ateratzea erabaki du Urtaranen gobernuak. Urte amaieratik aurrera obrak egin beharko dituen enpresak zortzi hilabeteko egikaritze-epea izango du, kontratua esleitzen den egunetik.
Nolakoa izango da Memoriaren Plaza?
Obren abiapuntu izango den proiektua Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatu du. Besteak beste, San Frantzisko aldaparen eta Arkupeen eremuko eraberritzearekiko koherentzia estetikoari eutsiko dio, ingurunea erabat birbanatu eta modernizatuz. Horretarako, granito horiko zoruak egongo dira zoladura gehienetan, eta beste batzuetan, grisa.
Esku hartzeak bi elementu nagusi izango ditu: alde batetik, hiriaren erdialdeko plaza oinezkoentzako topaketa eremu bihurtuko da, kalitatezko espazio publiko gisa; bestalde, hiriko bizikleta aparkalekurik handiena eraikiko da, 200 plazarekin. Inguruneko zuhaitzak mantendu baina altzari guztiak aldatuko dira.
Horrez gain, Udalak hainbat gauza berritzeko aprobetxatuko du: zoladura, instalazioak, drainatze-sarea, ureztaketa eta argiteria. Ildo horretan, led teknologiadun argi-puntu berri batzuk, iturri apaingarri bat, Gasteiz estilo bankuak, banku luzeak, barandak eta sareta jarriko dira. AMVISAk ere eremuko saneamendu-sarea berrituko du, 495.400 euro inguruko inbertsioarekin.
![](https://alea.tok-md.com/argazkiak/bVa/Memoriaren_Plaza_20210527_2.jpg)
Birbanatzea
Mateo Morazatik datorren trafikoa desbideratu izanari esker egin ahal izango da Memoriaren Plaza berria. Izan ere, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Postetxearen artean libre geratu den espazioan, inguru berri horretan eraikitzeko aukera sortu da.
Halaber, jarduketak aukera emango du oinezkoentzako beste ardatz batzuk sortzeko Posta kaletik Matxete plazaraino (Plaza Berrian, Postetxean, Espainiako Bankuan eta Arkupeetan zehar); eta, horrez gain, eskailera mekanikoen eta igogailuaren bidez, San Vicente aldaparen hasieran amaitzen den pasealeku irisgarri berri bat.
Plaza
Eraikiko den plaza berriak Memorialaren eta Postetxearen arteko kota-aldea konponduko duen plataforma funtzioa beteko du. Mendebaldeko alboan (Plaza Berriko mugan), eskailera txiki batzuen bidez konponduko da desnibela.
Hegoaldean, berriz, plazaren azpian bizikletak aparkatzeko eraikina egongo da. Horren parean eskailera-maila batzuk jarriko dira, eta jendeak esertzeko aukera izango du bertan, San Frantzisko aldapa berrian bezala. Gainera, arrapala batek aparkalekura sartzeko bidea emango du.
Azkenik, ekialdean, altzairuzko jardinera batek plaza itxi eta Olagibel kaleko trafikotik babestuko du.
![](https://alea.tok-md.com/argazkiak/yBH/Memoriaren_Plaza_20210527_4.jpg)
Berdeguneak
Zuhaitzak plazaren elementu zentral bihurtuko dira, eta esparru berria antolatzeko aukera emango dute. Izan ere, gaur egungo platanoak kalitatezkoak dira, eta geriza ematen diote plazari. Inguruan banku berriak jarriko dira; bizikleta-aparkalekuaren gainean parterre bat egingo da, kolorea emango duten zuhaixkekin; eta, azkenik, beste parterre bat egingo da heskaiekin, ekialdeko alboan, Olagibel kaletik isolatzeko.
Bizikletentzako aparkalekua
Bestalde, hiriko bizikleta-aparkalekurik handiena sortuko da, eta 200 ibilgailu aparkatzeko aukera eskainiko du, bi altuerako bizikleta-aparkalekuetan. Azpiegitura VGBiziz sarean txertatuko da, eta bertan sartzeko kudeaketa sistema bera erabiliko da.
Espazio bat gordeko da cargo-bike bizikletentzako, eta beste bat bizikleta elektrikoentzako, Udalak bi sistema horien aldeko apustua egin nahi duelako.
![](https://alea.tok-md.com/argazkiak/eAC/Memoriaren_Plaza_20210527_3.jpg)
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!