Gertu da martxoaren 3a, eta egun horren bueltan izango diren aldarrikapenen eta ekimenen berri eman du Martxoak 3 elkarteak. 42.urteurrenean, hiru izango dira ardatzak: "Estatu espainolak ezarri nahi duen memoriaren eredu baztertzailea salatzea, herri mugimenduak eta emakumeen borroka".
"42 urte igaro dira, eta justizia lortzeko zain gaude", azaldu du Martxoak 3 elkarteko kide Nerea Martinezek. Aurten, "inpunitatea" eta erakundeek ezarri nahi duten "memoriaren eredu baztertzailea" salatu nahi dute bereziki. Zentzu horretan, Gasteizen eraikiko duten biktimen memorialaren eredua gogor kritikatu du elkarteak, aurreko astean Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformak salatu bezala. "Proiektu mingarria da, soilik terrorismoaren biktimak kontuan hartzen ditu", salatu du Martinezek. Horrez gain, elkarteak ez du begi onez ikusten Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak "estatuko krimenak eta biktimak alde batera uzten dituen" proiektu hori babestea.
Horrekin batera, urte hauetan estatu espainoletik jasotako erantzunek "amorrua" eragiten dietela gaineratu dute. Adibidetzat Konstituzio Auzitegiak elkarteak aurkeztutako babes eskaera atzera botatzeko eman duen argudioa jarri dute: "garrantzia konstituzional nahikorik ez duela esan digu". Hori dela eta, Espainiako bide judiziala agortu ostean, Estrasburgora joko dutela adierazi dute.
Herri mugimenduak eta emakumeak, protagonista
Gasteizko mugimendu sozialek eta emakumeen borrokak protagonismo berezia izango dute aurtengo martxoaren 3an. "Hasieratik, herriak babestu du gure borroka, herria izan da erakundeen hauspoa". Hala, Errekaleor Bizirik-ek, Agur 78 mugimenduak eta Abetxukuko auzo elkarteak, manifestazioan parte hartzeaz gain, ekitaldi bereziak antolatu dituzte datozen egunetarako.
Azkenik, emakumeak izango dira hirugarren ardatza. 1976ko borrokan eta grebetan emakumeen papera nabarmendu du Martinezek, eta horregatik, aurten protagonismo berezia izango dute. Horrez gain, Martxoak 3 elkarteak bat egin du martxoaren 8rako deitu dute greba feministarekin.
Goizean egindako agerraldian, iaz hil zen Koldo Larrañaga apaiza eta zinegilea ekarri dute gogora Martxoak 3 elkarteko kideek, "elkarteari emandako laguntzaz gain, 1976ko egun horietako testigantza grafikoa jasotzeagatik".
Manifestazioa eta omenaldiak
Asko dira martxoaren 3a dela eta datozen egunetarako eragile ezberdinek antolatu dituzten ekimenak. Martxoaren 1ean, esaterako, 1977an grabatu zen Volver a Vitoria, 3-3-76 dokumentala proiektatuko dute, 19:30ean, Aldabe gizarte etxean. Hilaren 2an, berriz, Vitoria, 3 de marzo pelikularen making off-a ikusgai izango da Errekaleorren, 19:30ean.
Martxoaren 3an, goizean zazpi zuhaitz landatuko dituzte Abetxukun, auzo elkarteak antolatuta, 1976ko sarraskiaren biktimen omenez. Arratsaldean, berriz, omenaldia egingo dute Martxoak 3 plazan, 18:30ean, eta ondoren, manifestazioa abiatuko da, bertatik, 19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazaraino. Bertan, emakumeek hartuko dute hitza.