Zer dakigu orain arte aurtengo Gasteizko jaien inguruan?

Erredakzioa 2021ko mai. 24a, 18:00
Pandemiak markatutako Gasteizko bigarren jaiak izango dira aurtengoak. / ALEA

Bigarren urtez jarraian, ez da txupinazorik jaurtiko Gasteizko jaietan, baina Udalak aire zabaleko hainbat kultur ekitaldi antolatuko ditu abuztuaren 4tik 9ra. Ekainean egitaraua aurkeztuko dute, baina... zer dakigu orain arte? Eta auzoetan zer?

Zeledonen jaitsierarik gabeko bigarren urtea izango da 2021, eta, bigarren urtez jarraian, Covid-19ari aurre egiteko neurri murriztaileek ezaugarrituko dituzte aurtengo Gasteizko jaiak (edo ez-jaiak). Hala ere, azken egunetan, agintariek, erakundeek, jai batzordeek eta hedabideek hainbat gauza aurreratu dituzte han eta hemen, aurtengo jaiak nolakoak izango diren jakiteko.

"Ekitaldiak izango dira, baina, berez, ez dira jaiak izango", iragarri du Estibaliz Canto Kultura zinegotziak astelehen honetan Radio Vitoria irratian.

Nolanahi ere, hona hemen orain arte Gasteizko zein auzoetako jaien inguruan dakiguna:

  • Ez da txupinazorik jaurtiko, ezta antzeko ekitaldirik egingo ere.
  • Abuztuaren 4tik 9ra bitartean, kultur egitarau bat antolatuko du Udalak; ekaina hasieran aurkeztuko da, "bi aste barru", udako programazioarekin batera.
  • Uztailetik irailera bitartean, aire zabaleko ikuskizunak antolatuko dira Gasteizko hamalau plazatan. Honako baldintza hauek ezarriko ditu Udalak, eta litekeena da jaietako programazioari ere aplikatzea:
    • Ikuskizun guztiak aire zabalean egingo dira.
    • Espazio horietan esparru hesituak egokituko dira.
    • 200 pertsona inguruko edukiera mugatua.
    • Ekitaldietara joateko, aldez aurretik gonbidapenak eskuratu beharko dira.  
  • Udala jai batzordeekin, blusa eta nesken elkarteekin eta txosna batzordeekin harremanetan dago, baita auzoetako jaien kasuan ere. Zentzu horretan, hainbat elementu azpimarratu ditu Udalak:
    • Ez da programa bateraturik antolatuko.
    • Eragile bakoitzak bere planteamendua garatuko du, dagokion hausnarketa egin ondoren.
    • Udalak banan-banan aztertuko du planteamendu bakoitza.
    • Udalak ez du txosnak jartzea debekatu, baina ez jartzea gomendatu du.
    • Kontzertuetan ikus-entzuleak eserita egon beharko dira. 
    • Udalak ez du txupinazorik baimenduko, ezta dantzaldirik, kalejirarik, herri bazkaririk, apar-jairik edo sutzarrik ere.

Zein auzotan antolatuko dira jaiak?

2020an, pandemiaren ondorioz, auzo gehienetako jaiak bertan behera geratu ziren. Aurten, ordea, osasun egoeraren bilakaera dela eta, jai batzordeak ahalegina egiten ari dira ekitaldiak eta ospakizunak antolatzeko, ohiko jaiak ez badira ere. Honako hauek dira momentuz mahai gainean dauden planteamenduak:

  • Arana auzoan, ekainaren 4an, 5ean eta 6an aste kulturala antolatuko dute. Besteak beste, kontzertuak, hitzaldiak eta tailerrak antolatuko dituzte.
  • Txagorritxu auzoko jaiak maiatzaren 18tik ekainaren 12ra bitartean izango dira. Hitzaldiak, tailerrak, aisialdia eta kirola izango dira nagusi Txagoko jaien XV. urteurreneko egitarauan; sare sozialetan "sorpresa gehiago" iragarri dituzte.
  • Judimendiko jaiak ekainaren 22tik 27ra izango dira: azoka, aire zabaleko zinema eta kontzertuak izango dira Judimendi ikastetxean: Ziztada & Rlantz izan da konfirmatutako lehen taldea, baina "laster" berri gehiago iragarriko dituztela aurreratu du jai batzordeak. San Juan gaueko sutzarra formatu txikian egingo dute ekainaren 23an, jende pilaketak saihesteko. Txosnak eta barrakak baztertu dituzte, oraingoz.
  • Ipar-Arriagako jaiak ekainaren 24tik 27ra izango dira: haurrentzako tailerrak, jolasak, lehiaketak, zuzeneko musika, kalejira, barrakak... Udala auzo elkartearen proposamena aztertzen ari da.
  • Aranbizkarreko jaiak ekainaren 25ean, 26an eta 27an izango dira, astean zehar jarduera gehiago antolatuko dituzten arren. Txosnak jarri nahi dituzte, terraza batekin eta ostalaritzaren araudiarekin. Horrez gain, Patatoren jaitsiera, haurrentzako antzerkia euskaraz, herri bazkaria eta txarangak antolatzeko baimena eskatu dute, besteak beste.
  • Adurtzako jaiak uztailaren 4tik 10era bitartean ospatuko dira. Oraingoz ez dute egitaraua zehaztu, baina ipuin kontalariak, tailerrak eta zenbait kontzertu antolatzea aurreikusi dute. Ez da barrakarik jarriko, ezta txosnarik ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide