Goizean Bilbao BBK Live jaialdiarekin gertatu den bezala, Last Tourrek astearte honetan iragarri du pandemiaren ondorioz Gasteizko Azkena Rock Festival musika jaialdia ere 2022ra atzeratu egingo dutela. "Gaur egungo egoera duela urtebetekoa baino hobea den arren, eta txertoak iristen ari diren arren, osasun neurriak direla eta, oraindik ezinezkoa zaigu Azkena Rock Festival jaialdia egitea", azaldu dute, ohar batean.
Hala ere, 2022ko edizioaren kartela ekainaren 17an iragarriko dute, aurtengo jaialdia egitekoa zen data baliatuz. Halaber, egun horretan sarrerak itzultzeko aukera irekiko dute, baina erositako sarrerek datorren urteko ediziorako ere balioko dute.
Besteak beste, Iggy Pop, Patti Smith eta The Offspring taldeak zeuden iragarrita edizio honetarako.
"Ordura arte, zaindu zaitezte!"
"Badakizue gure sektorean une latzak pairatzen ari garela; ez dago jaialdi bat egiteko gu baino gogo handiagorik duenik. Jaialdia beste urtebetez atzeratu behar izatea ez da guk gustura hartu dugun erabakia, baina gure ustez osasun kolektiboa da garrantzitsuena, eta badakigu gure jarrera ulertuko duzuela", azaldu dute oharrean.
Jaialdiaren zaleei esker mezu bat ere bidali die Last Tourrek: "Honen guztiaren amaieran argia sortuko da. Hasiak gara zuzeneko musikaz modu seguruan gozatzen, edukiera mugatua duten kontzertuetan. Gero eta gutxiago falta da jaialdi handi batean berriro ere elkar ikusteko. Ordura arte, zaindu zaitezte! Maite zaituztegu!", gaineratu dute.