Gasteizko hamalau plaza, uda honetan kultura eta ikuskizunak hartzeko

Erredakzioa 2021ko mai. 19a, 08:00

Besteak beste, Santa Maria plaza izango da espazioetako bat. / KORTERRAZA

Egitaraua ekainean aurkeztuko du Udalak, baina uztailaren 4tik irailaren 5era bitartean Gasteizko hamalau plaza egokituko dira, segurtasun neurri guztiekin aire zabaleko kultur programazioa hartzeko.

Osasun egoera hobetzen doan bitartean, kulturak berpizten jarraitzen du. Aste honetan, Udalak iragarri du aire zabaleko kultur programazioa izango dela uda honetan Gasteizko hamalau espaziotan. Besteak beste, haurrentzako ikuskizunak, musika, antzerkia edo bakarrizketak izango dira.

Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok jakinarazi duenez, programazioa uztailaren 4an hasi eta irailaren 5era arte luzatuko da. Ikuskizun guztiak aire zabalean egingo dira, esparru hesituetan eta edukiera mugatuarekin. "Antolatzen ditugun jardueretan parte hartzen dutenen segurtasuna bermatzea da gure lehentasuna", azpimarratu du zinegotziak.

Hamalau parke eta plaza

Egitarauaren xehetasun guztiak ekainean emango dituzten arren, dagoeneko iragarri dituzte aire zabaleko ikuskizunak hartzeko aukeratu dituzten hamalau plazak:

  • Arriagako parkea
  • Aranbizkarreko parkea
  • Hegoalde, Zabalgana eta Ibaiondoko gizarte-etxeen kanpoko aldea
  • Gabriela Mistral kirol-zelaiak
  • Santa Maria plaza
  • Iparraldeko parkea
  • Falerina lorategia
  • Elurzuloaren ingurua
  • Zulueta lorategiak
  • Judimendiko parkea
  • Pierola lorategiak

Estibaliz Cantok azaldu duenez, 200 pertsona inguruko edukiera aurreikusi dute espazio horietarako. Gainera, segurtasun neurri guztiak kontuan hartuko dira, eta protokoloa lantzen ari da Udala.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide