Iradier Arenatik zabalduko dira San Prudentzioko erretreta hotsak

Erredakzioa 2021ko api. 9a, 12:03

Pilaketak saihesteko, erretreta Iradier Arenan izango da aurten. / Alea

Aurten ere ez da jairik izango, baina "tradizioa omentzeko" hainbat ekitaldi antolatu dituzte; danborrada balkoietan izango da.

Aurten ere ez da San Prudentzio eta Estibalizko Andra Mariaren jairik izango, baina Arabako Aldundiak hainbat ekitaldi antolatu nahi izan ditu "tradizioa oroitu eta omentzeko", parte hartu ohi duten hainbat elkarte eta erakunderekin batera.

"Iazko espiritu berarekin heldu nahi diegu data horiei, eta herritarrei aukera eskaini Arabako jai zirenak omentzeko", azaldu du Ana del Val Kultura diputatuak. Baina azpimarratu du ez direla izango jaiak. "Bizitzen jarraitzen dugun egoeraren ondorioz, ezin dugu jaiei buruz hitz egin, ezta ospakizunei edo jai deiei buruz ere; oso argi utzi nahi dugu hori eta guztion erantzukizuna eskatu".

Oroimenezko ekitaldiak

Erretretak izango dira nobedade nagusia aurten, apirilaren 27an. Gasteizko Udalak antolatutakoa, 19:00 eta 20:00etan, Ibaiondoko Felix Petite antzokian eskainiko dute. Musika eta dantza tradizionaleko izango da ikuskizuna Udalaren Folklore Akademiaren eskutik, eta Indarra dantza taldearen lankidetzarekin. Gonbidapen bidezko sarrera beharko da honetan, baina streaming bidez ere emango dute. 

Arabako Foru Aldundiak antolatutako erretreta, berriz, 21:00etan, Iradier Arenan izango da aurten. Ekitaldi berezia antolatu dute, ikuslerik gabe. Streaming bidez jarraiatu ahal izango da. Erretreta deialdiekin batera, musika, euskal dantzak eta danborrada ez dira faltako. 

Danborrada nagusiari dagokionez, berriz, aurten ere balkoietatik egingo da, 22:15ean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago