Maite Ruiz de Austri

"Proiektu bat abian jartzea oso zaila da ikusezina zarenean"

Anakoz Amenabar 2020ko api. 25a, 07:52

Maite Ruiz de Austri, etxean duen bulegoan. / M. Ruiz de Austri

'Ipar haizearen erronka' edota 'Animal Channel' animazio pelikulak, bi Goya sari eta nazioarteko beste hainbat izendapen zorroan, eta ia 30 urteko ibilbide profesionalarekin, zinemagileen artean erreferentea da Maite Ruiz de Austri, baina bide hori urratzeko "lan zaila" izan duela gogoratu du arabarrak.

Ikus-entzunezko animazioan egindako ibilbide oparoa omendu eta sektorean berdintasunaren alde egindako lana aitortzeko asmoz, Maite Ruiz de Austri (Gasteiz, 1959) zine zuzendari eta gidoilariak egin behar zituen aurtengo pregoilari lanak San Prudentzio jaietan. Osasun krisiak, ordea, errukirik gabe Arabako ospakizunak ere hankaz gora jarri ditu, eta aurtengoa beharrean 2021eko pregoia izango da zinemagilearen esku. Salbuespenezko ospakizunen bezperan, bien bitartean, animazio pelikula berri batean lanean ari da etxetik.

Itxialdiak ez du etenik ekarri pelikula berrian?

Hasierako ekoizpen mailarekin jarraitzen dugu. Alarma egoera izendatu baino astebete lehenago prestatzen hasi ginen, batzuk etxetik lanean, pausoz pauso, eta lan hari esker nahiko ongi moldatu gara. Eta gure antzera animazio ekoizpen gehienak ere martxan daude, telelanarekin aurretik ere ohituta gaudelako, estudio desberdinen arteko elkarlanaren emaitza izaten direlako proiektu hauek. Oraingoan hamabi langile gara Gasteizko estudioan, eta elkarlanean beste hainbat estudiotako jendearekin ari gara: Bartzelona, Tokio, Los Angeles... ehun bat lagun.

Netflixen enkargu bat ari zara zuzentzen orain, ezta?

Laura Gallego idazlearen Las memorias de Idhún liburu sortaren animazio proiektua eskaini zidaten, eta pozik hartu nuen, niri ere irakurle modura asko gustatu zitzaidalako. Duela urte batzuk aurkeztu zuen arren, jarraitzaile komunitate bizia dauka egun liburu honek eta bada erantzukizun bat irakurle horiekin, baina uste dut gustatuko zaiela; istorioa ondo islatzen duela uste dut.

Aurten estreinatu behar al duzue?

Hasiera batean hori zen asmoa, baina egoera honekin ez dakit azkenean zertan geratuko den. Netflixen, halere, zorrotzak dira proiektuekin, eta ezer gutxi kontatu dezaket...

"Egoera honetan, salbamendu-txalupak dira plataformak ikus-entzunezkoentzat"

Nola bizi du zinemaren industriak egoera hau?

Triste eta kezka handiarekin. Ziurrenik, berriz martxan jartzen azkeneko sektorea izango da, eta ea nola egiten duen, zaila izango da. Milaka profesional ari gara honetan, eta askotan astez asteko lanak dira, oso prekarioak, behargin asko langabezia kobratzeko aukerarik gabe... Egoera oso konplikatua da.

Plataformek salbatuko dituzte animazio pelikulak?

Gauzak dauden moduan, animazio pelikulak eta besteak ere bai. Salbamendu-txalupak izango dira plataformak ikus-entzunezkoentzat. Gogoratu Roma pelikularekin izan zen iskanbila; zine-areto askok ez zuten estreinatu nahi izan aurretik plataforma batean estreinatu behar zelako, hori "zinea" ez zelako... eta justu kontrakoa dugu orain. Diru laguntzak estreinuei lotuta joaten dira, eta aretoetan ezin bada estreinatu orain, eta beharbada tarte luze batean, nahikoa izango da telebista edo plataforma batean egitearekin. Paradigma aldaketa itzela da. Baina bere egunean telebista agertu zen antzera, edo bideoa... zartako handi bat izan da, eta ikusiko dugu nondik ateratzen garen. Egia dena da teknologia guztia gure esku dugula zine hau guztia gure etxeetara eramateko.

Araba mailan, hainbat proiektu zeuden martxan.

Amorru handia ematen digu momentu honetan hau gertatzeak. Azken bi urteetan hainbat proiektu interesgarri izan dira, publikoaren babesa izan dutenak. Gogoratu Vitoria, 3 de Marzo, Errementari edo La pequeña Suiza; pentsa, Sojoren pelikulak Handia-k baino diru gehiago bildu duela aretoetan! Eta estreinatzeko daude David Perezen Ane, Juanma Bajo Ulloaren azkena, Paul Urkijo ere hurrengoarekin dabil... Gauza interesgarriak daude, eta eten hau oso gaizki dator, dena geldiarazi duelako. Ez dakit zehazki Jaurlaritzan zer ari diren prestatzen, baina beharrezkoa da plan bat.    

Eta honen guztiaren aurretik, pregoilari izendapena. Urte berezian egokitu zaizu.

Pozik eta harro hartu nuen izendapena, batik bat ikus-entzunezko sektorekoen izenean, baina egia da egoera honetan onena dela nik ez parte hartzea. Erantzukizun handia litzateke orain pregoilari izatea, eta erabaki zentzuzkoena da atzeratzea; osasun krisia ez den beste zerbaitetaz hitz egitea lekuz kanpo legoke, eta erakundeei dagokie ardura hori.

"Amorru handia eman digu araban eten honek; proiektu interesgarriak zeuden"

Izendapen hauek atzera begiratzeko ere balio izaten dute. Zer gogoratu zenuen?

Batez ere non nagoen kokatzeko balio izan zuen izendapenak. Animazio zineman ibili den emakumea naiz, ia 30 urtez... Eta, hain zuzen, hortik jo behar nuen pregoian ere, dena aldatu aurretik. Besteak beste, ikus-entzunezko sektorean berdintasunaren aldarria nabarmendu behar nuen, ez baita erraza emakume batentzat halako ibilbidea egitea.

"Ahaztutako" zinemagilea izan zarela aipatu duzu behin baino gehiagotan.

Bai, eta ez da iritzi bat, horrela izan da. Gertakariak hor daude. Jakin badakit hainbat faktorek eragin dutela horretan, halere. Zinemaren barruan animazioa ezkutuen dago oraindik. Nork ezagutzen ditu animazio pelikulen zuzendariak? Nortzuk dira animatzaileak? Jendeak ez ditu ezagutzen, besteen aldean ez dute glamourrik. Eta horri emakumea zarela gehitzen badiozu, batuketa perfektua duzu. Ikusezin izateak ez dit nigatik amorru ematen, ordea, ezagutzen ez ditudan milaka lagunengatik baizik. Ikusezina bazara, neskatila batek pentsa dezake emakumeek ez dutela aukerarik izango animazio pelikulen zuzendaritzan. Ikusgaitasuna baduzu, eredu bat izan zaitezke neskatila horrentzat.

Zailtasunak izan dituzu lanean?

Proiektu bat abian jartzea oso zaila da ikusezina zarenean. Proiektuak aurkezten dituzu han eta hemen, eta ez zaituzte ikusten. Zomorro bitxi bat zara. Ia 30 urtez ikus-entzunezko animazioa zuzentzen ibili den emakume bakarrenetarikoa, eta ez zaituzte ezagutzen, edo ez zaituzte ezagutu nahi. Eta ez duzu ezer egiterik estatuko eta nazioarteko hainbat sariz betetako maletina eramanda ere, takillan beste batzuek baino kopuru hobeak izan dituzula erakutsita ere... Hala izan da.

Eguneroko lana nolakoa izan da?

Eguneroko lanean jende zoragarria aurkitu dut, gozatu dudana, eta baita emakume bat zuzendaria izatea jasan ezin dutenak ere. Gaizki daramate batzuek, eta eutsi egin behar zaio horri. Emakume zuzendari baten ikuspuntutik zailtasun bikoitza du; erasotzaile bat baduzu lanean salaketa jarri duzu, baina zuzendari moduan halako zerbait gertatzen bazaizu, zure zuzentzeko gaitasuna ere zalantzan jarriko dute. Horregatik, zalantza horiek uxatu eta diziplina arazoa dela argi izan behar duzu, ez dela zure gaitasun falta.

30 urteko ibilbidean, marrazki bizidunak egiteko modua ere nabarmen aldatu da, ezta?

Teknologiaren ikuspuntutik ez du zerikusirik. Denbora gehiago behar zen lehen lan-prozesu latzak zeudelako. Orain gauza gehiago egiten dugu diru gutxiagorekin, eta hori zoragarria da, nolabait demokratizatu egin da aukera hori.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago