Eragiteko janzten

Herritarren eta euskararen aktibaziorako gakoak mintzagai

Erredakzioa 2021ko api. 16a, 07:00

Maialen Iñarra eta Zesar Martinez Oihanederren izango dira apirilaren 20an. / ALEA

Apirilaren 20an, Maialen Iñarrak eta Zesar Martinezek gidatuko dute Eragiteko janzten jardunaldien hirugarren saioa Oihanederren: Herritarrak eta euskara, aktibaziorako gakoak.

Topaguneak, GEU Elkarteak, Lazarraga Elkarteak eta Arabako ALEAk elkarlanean antolatutako Eragiteko janzten: Gasteizko euskaltzaleon gogoetarako une eta guneak hitzaldi zikloaren hirugarren saioa apirilaren 20an, asteartean, izango da Oihaneder Euskararen Etxean.

Maialen Iñarra (Soziolinguistika Klusterra) eta Zesar Martinezen (EHUko Parte Hartuz Institutua) txanda izango da oraingoa, Herritarrak eta euskara: aktibaziorako gakoak izenburupeko saioan. Tokian toki, hizkuntza-aktibazioa sustatzeko gakoak eta egin litekeen prozesua zeintzuk diren aurkeztuko dute hizlariek.

Hau da, herritarrak euskararen jiran aktiba daitezen zaindu beharreko gakoak aztertuko dituzte, baita aktibazio horretarako egin litekeen prozesua azaldu ere. Emaitza horiek Soziolinguistika Klusterrak gidatutako Tokian tokiko hizkuntza-aktibazioa ikerketaren bidez jaso dira.

Saioaren bigarren orduan, Gasteizko Salburua auzoko Sarburu elkartea eta Abetxukuko euskara elkarteko kideek haien aktibazio ikuspegiak azalduko dituzte. Hortaz, aukera izango da auzo horietako aktibazio prozesuak ezagutzeko, eta saioaren lehen orduan aurkezturiko gakoekin alderatzeko.

Izen-ematea

Eragiteko janzten jardunaldietako azken bi saioetan parte hartzeko ere, ezinbestekoa da izena ematea eta hiru euroko matrikula ordaintzea. Izena ematen duten lagunek baieztapena jasoko dute, eta edukiera bete arte izango da apuntatzeko aukera.

Hirugarren edota laugarren saioan izena emateko, honako formularioa bete behar da: Eragiteko janzten.

Eragiteko jantzen zikloa

Gasteiztar euskaltzaleei (in)formaziorako, hausnarketarako, elkar ezagutu eta aberasteko une eta guneak eskaintzea da Eragiteko janzten jardunaldien helburua. Guztira, lau jardunaldi izango dira, eta saio guztien bideoak ikusgai izango dira ALEAren webgunean. Oraingoz, horietako bi daude sarean ikusgai, eta beste biak ere eskuragarri izango dira aurrez aurreko saiotik egun batzuetara:

2. Berrindartu eta jauzi -  Jasone Mendizabal eta Iñaki Martinez de Luna (Topalabe taldea)

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago