Mugikortasun ordenantzaren proiektua atzera bota du udal gobernuak

Erredakzioa 2021ko api. 13a, 09:00
Ordenantzaren zirriborroak elkarteen gehiengoa eta oposizio osoa zituen kontra. / ALEA

Astearte honetan Mugikortasunaren Batzordean eztabaidatzekoa zen mugikortasun ordenantza atzera botatzea erabaki du Urtaranen udal gobernuak, elkarte gehienen eta oposizio osoaren arbuioa dela eta.

EAJk eta PSEk osatutako Gasteizko udal gobernuak ezohiko bilera egin du gaur goizean, eta Udalean izapidetzen ari zen mugikortasun ordenantza berria erretiratzea erabaki du.

Proiektua martxoaren 1ean aurkeztu zen, baina ez du babes nahikorik lortu, ez jendarte eragileen artean, ezta osoko bilkuran ere: "Ez da nahikoa adostasunik izan udalean araudia onesteko, ezta batzordean eztabaidatzeko ere", ondorioztatu du udal gobernuak. Izan ere, EH Bildu, PP eta Elkarrekin oposizioko udal taldeek osoko zuzenketa bana aurkezteko asmoa zuten astearte honetako Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Batzordean.

Kritika nagusiak

Mugikortasun ordenantza proiektuaren nobedade nagusia bizikletak espaloietatik kanpo erabiltzeko betebeharra zen. Bizikleteroak, Ekologistak Martxan edo Benetako Green bezalako elkarteen kritika gogorrak jaso du erabakiak, besteak beste, gehieneko abiadurak 50 kilometro ordukoa izaten jarraitzen duelako.

Bizikletak errepidera bidali aurretik, bidegorrien sarea hobetzeko eta hiriko trafikoa baretzeko eskatu zioten Udalari. Oposizioaren gehiengoak ere txirrindularien segurtasuna lehenestea eskatu zuen.  

Helburuei eusteko asmoa

Eztabaida hasi baino ordubete lehenago plazaratutako oharrean, Gasteizko Udalak azpimarratu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren ordenantza proiektuaren helburua "bide-segurtasuna sendotu, mugikortasun iraunkorra sustatu eta garraiobide guztien arteko elkarbizitza bermatzea" zela.

Zentzu horretan, ordenantza proiektua erretiratu arren, legegintzaldian zehar helburuei eusteko asmoa adierazi du udal gobernuak: "Kontuan izango ditugu agintaldiak iraun bitartean Udaletik bultzaten diren mugikortasunaren esparruko ekintzak diseinatzean", azpimarratu du.

Azkenik, oposizioa kritikatu eta akordioak lortzeko asmoa iragarri du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok: "Asko sentitzen dugu oposizioko talde politikoek mugikortasunari buruzko ordenantza berri bat eztabaidatu, negoziatu eta adostu nahi ez izana. Baina ez diogu uko egiten ordenantza hobea edukitzeari. Ildo horretatik lanean jarraituko dugu, akordioak lortzeko egoera hobea eduki bitartean".

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide