Gasteizko azala aldatzen ari da, azken hilabeteetan erritmo biziagoan: Zabalganeko superetxadiak; eguzkilore kaleak Judimendin, Zabalgunean edota Errotan; hainbat kaletan kale trafikoa baretua… Aldaketa horiei gehitzen zaizkie tranbia edota Bus Elektriko Adimentsua (BEI) egiteko lanak, baita bizikleta eta patineteen zirkulazioa arautzeko ordenantza asmo berriak. Gasteizko hiri mugikortasuna aldatzen ari da, baina, duela hamalau urte ez bezala, hartutako norabidea ez da partekatua.
Gasteizko Udala 2019tik ari da Mugikortasun Iraunkorrerako Plana onartzeko lanetan. Orain hartutako mugikortasun erabaki batzuk onartu gabeko plan horri dagozkio, hain zuzen ere. Are gehiago, neurri horietako batzuk 2007. urtean adostasun osoa lortu, baina onartu ez zen mugikortasun planekoak dira, superetxadiak kasu. Aipatu bi planetako bakar bat ere onartu ez arren, batetik bestera alde handia dago: adostasuna desegin da, eta erabaki gehienek eztabaida eragin dute.
Plan berriaren diseinuan parte hartzen ari diren edota aurrekoaren prozesuan parte hartu duten hainbat eragilek ikuspegi orokorra aztertu dute, horren nondik norakoak aztertzeko. Garraiobide bakoitzaren rol berria aztertzean BEI eta tranbiaren garrantzia handitu du Udalak, bizikleta eta patineteen aurretik jartzeraino; are, bizikletaren mugikortasuna sustatzeko neurri falta kritikatu diote planari. Horrez gain, autoaren garrantzia urritzeko neurriak ere iradokitzen dira planean, baina horretan indar handiagoz aritzea eskatu diote Udalari.
Oinezkoak, "guztiz aparte"
Ekain Jimenez Valencia arkitektoak, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko kideak, planak autoen alorrean markatutako tendentzia "errespetagarria" dela azaldu du, baina "ausardi" handiagoa du faltan. Ordea, oinezkoak "guztiz aparte" geratu direla gaineratu du. "Herritarrak gure kabuz mugitzeko gaitasuna dugu, espaloitik, eta doakoa eta sanoa da; aldiz, mugitzeko tresnen beharra dugula ematen du". Eta orain arte aintzat hartu ez den aldagai bat jarri du mahaian: ez mugitzeko neurriak. Mugitzeko beharra, maiz, lanera joan behar izatearekin lotuta dago. Bada, garraio horiek urritzeko moduak aztertu beharko liratekeela nabarmendu du. "Hori ere mugikortasun planean sartu beharko litzateke, eta bilatu zer estrategia dauden mugitzea saihesteko".
Ideia horretan sakontzeko hiri ereduari heldu behar zaiola azaldu du. "Duela 50 urteko hiri ereduan logikoa zen industria hiritik at egotea, kutsatzailea eta kaltegarria zelako. Gaur egun, baina, ez du zentzurik, industria txiki asko gardenak direlako". Miñaoko teknologia parkea jarri du adibide gisa; bertan dauden enpresa asko hiri barruan egon daitezkeela argudiatu du, bizilagunak dituzten eraikinetan. "Eragozpenik ez eragitea, eta kutsatzailea ez izatea; baldintza horiek betetzen baditu, zergatik ez da jartzen lantoki bat hirian?".
"Herritarrak gure kabuz mugitzeko gaitasuna dugu, espaloitik, eta doakoa eta sanoa da; aldiz, mugitzeko tresnen beharra dugula ematen du".
Ekain Jimenez, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoa
Kritikak, ordea, harago doaz. Zenbaitetan, oinezkoa garraio publikoaren atzetik jarri dutela kritikatu dute hainbat elkartek. Alde batetik, Gasteizko Udalak berretsi du Bus Elektriko Adimentsuak (BEI) oinezkoen aurrean lehentasuna izango duela, hainbat ikastetxeen sarreretatik metro gutxira pasako bada ere. Gasteizko Sindikoak berak ohartarazi du Pedro Asua eta Salvatierrabide kaleetan espaloi batzuk ez dutela gutxieneko zabalerarik, BEI-aren obrak egin eta gero. Bestetik, Salburuko tranbia pasealeku baten erditik sartuko da, oinezkoen eremua urrituz, berdegune batzuen gainetik.
Garraio publikoa, lehentasun
Esan bezala, Gasteizko Udalak sustatzen duen Mugikortasun Jasangarriaren Planak indar handiagoa eman dio garraio publikoari, eta hori da eztabaida gehien piztu duen arloetako bat. Bai garraio publikoarekin lotutako egitasmoak, baita horiek hirian izango duten lehentasuna ere. Gasteizko Bizikleteroetako kide Diana Paniaguak hausnartu du plana garraiobide horiek hirian sartzeko bidea izan dela, adibidez. Raimundo Ruiz de Escudero Gasteizko Mugikortasun zinegotziak aitortu du erabaki horrek "nolabaiteko eztabaida" sortu duela. "Sektore batzuk horren aurka daude, eta hori da datozen asteetan eztabaidatu behar dena".
Gaurkotasunezko eztabaidez gain, etorkizunera begiratu du Ekain Jimenez Valenciak. "Garraio publikorako horrenbeste sistema izatea, horrenbeste inbertsio publiko, ez da errentagarria". Gogora ekarri du garraio publikoa defizitarioa dela, definizioz, horren ekarpena soziala delako; hala ere, gaineratu du "mugitzeko tresnen" aldeko apustu ekonomikoa handia dela.
Balizko gain-kostuak aintzat hartu gabe, Gasteizko Udalak jakinarazitako datuen arabera, honakoak dira azken urteetan egindako inbertsioak: 14,3 milioi euro tranbiaren Hegoaldeko adarrerako; 24,8 milioi euro burdinbideak Salburura eramateko; 43 milioi euro BEIrako; Tuvisa eta BEIaren autobus-toki berrietarako 18 milioi euro inguru. Horri etorkizunera begirako bestelako lanak gehitu behar zaizkie, Zabalganera joango den tranbia kasu. Duela urte bat EAEko aldizkari ofizialean iragarri zuten, 120 milioi euroko aurrekontuarekin.
"Isun didaktikoak ditugu buruan, 40 eurokoak, ohitura txarrak zuzentzeko"
Raimundo Ruiz Escudero, Mugikortasun zinegotzia
Raimundo Ruiz de Escuderok, batetik, nabarmendu du Udalak ez duela bakarrik bere gain hartzen inbertsio hori guztia; Arabako Foru Aldundiak edota Eusko Jaurlaritzak inbertsioaren erdia baino gehiago ordaintzen dute. Edonola ere, aitortu du inbertsio hori "ezinezkoa" izango litzatekeela kanpoko administrazioen laguntzarik gabe. Are, aurreratu du Tuvisako ibilgailuak gaurkotzeko eta gasarekin edota argindarrarekin mugitzen diren autobusak lortzeko asmoa dagoela, epe ertainera. Bada, urte honetan Europara jo dute, hamar ibilgailutik bederatzi elektrikoak izan daitezen, eta bat gas bidezkoa.
Bestetik, Ruiz de Escuderok argitu du Udala lanean ari dela Zabalganerako adarraren behin betiko ibilbidea zehazteko. "Datozen asteetan proiektuaren definizio argia izan nahi dugu". Mugikortasun zinegotziak gogora ekarri du aztertu izan dela tranbiaren adar hori egiteko lanak trenbidea lurperatzeko proiektuarekin bateratzea. Hori lortzerik ez balego "konponbideak" bilatu beharko direla zehaztu du. Legegintzaldi amaierarako lan horiek egiteko epeak argi izan nahiko lituzketela gaineratu du.
Bizikleta gehiago, eta zelatatuago
Garraio publikoak hartutako lehentasuna bizikletaren kalterako izan dela kritikatu dute Gasteizko Bizikleteroek. Alde ekonomikotik, bizikletara bideratutako aurrekontu publikoa 200.000 euroan "geratu" dela azaldu du Diana Paniaguak, euro bat baino gutxiago herritar bakoitzeko. Horrez gain, kezka agertu du zirkulazioa arautzeko ordenantza zirriborroaren aurrean. "Aurreko ordenantza ez zuten betearazi, eta, zergatik ez duten egin jakin gabe ere, aldatuko dute; ez badute betearazten, zergatik aldatu?".
Ildo horretan, gaineratu du ezin dela ulertu bizikleta eta patineteak errepidera eramateko asmoa. Udalak berak aitortu du bizikleta erabiltzaile kopurua handitu dela, hein batean esperientziarik ez duten herritarrak pedalei eragiten hasi direlako. Horren aurrean, Mugikortasun Iraunkorrerako Plana ahaztu, eta bide segurtasunean lanean ari direla nabarmendu dute Gasteizko Bizikleteroek. "Urtean 4.500 istripu baino gehiago ditugu, eta 170 harrapatze; horren aurrean hiri osoan esku hartu behar da, Bilbon bezala, abiadura 30 kilometro ordura jaitsi dutela 3.000 istripu gutxiagorekin".
"Urtean 4.500 istripu baino gehiago ditugu, eta 170 harrapatze; horren aurrean hiri osoan esku hartu behar da, Bilbon bezala"
Diana Paniagua, Gasteizko Bizikleteroak
Raimundo Ruiz de Escuderok hausnartu du bizikletaren arloan azken urteetan egin diren inbertsioek segurtasuna berma dezaketela txirrindulari berrien artean ere. Araudi aldaketari buruz, nabarmendu du aurreko ordenantza ez dela ezarri, isunak "altuak" zirelako. "Isun didaktikoak ditugu buruan, 40 eurokoak, ohitura txarrak zuzentzeko". Aldiz, ez dute halako neurririk aurreikusten autoentzat; hots, aurreko berdinak mantenduko dira. "Ordenantza ezartzean guztiok jo beharko dugu araudian zehaztutako portaeretara".
Oraindik ere ordenantza zein planaren gainean eztabaidatu beharko dute eragileek. Ruiz de Escuderok zehaztu du Udalaren asmoa 2007ko planak izan zuen babesa izatea dela. "Mundu guztia ez dator bat plan berriaren ezarpenarekin, eta horrek adostasuna zailtzen du, baina ahalik eta babes handiena lortzeko lanean ari gara". Aldiz, eragile askok ez dute hala ikusten. Hainbatek alde egin zuten Mugikortasun Elkargunetik, ekarpenak aintzat hartzen ez zirelako, mugikortasunean norabideak adosteko zailtasunaren aurrean.