Mugikortasun plana

Bizikletak espaloietatik kanpo nahi ditu Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2021ko mar. 1a, 12:45
Bizikletaz espaloitik zirkulatzea 40 euroko isunarekin zigortzea proposatu dute. / ALEA

Mugikortasun ordenantza berria proposatu du Gasteizko udal gobernuak, bide-segurtasuna eta garraiobide guztien arteko bizikidetza bermatzeko asmoz. Bizikletak eta patinete elektrikoak soilik galtzadatik eta bidegorrietatik ibiltzea aurreikusi du.

Gasteizko Udala mugikortasun ordenantza berri bat lantzen ari da, eta astelehen honetan aurkeztu dute Gorka Urtaran alkateak eta Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasunaren zinegotziak. Tokiko Gobernu Batzarrak araudi berria onetsi du, eta, ondoren, batzordean eztabaidatu eta Osoko Bilkuran onartu beharko da, udazkenean indarrean sartzeko. Bitartean, udal gobernuak gizarte eragileen zein mugikortasunaren arloko elkarteen ekarpenak jasoko ditu, elkarguneetan.

Proposamen berriaren neurri nagusiak bizikletei eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuei (MPI) eragingo die: soilik galtzadatik eta bidegorrietatik ibiltzea aurreikusi du Gasteizko udal gobernuak, eta ibilgailu horiek espaloietatik eta oinezkoentzako guneetatik igarotzeari uztea.

Era berean, debekatuta egongo da ibilgailu horietan aurikularrak edo telefono mugikorra erabiltzea eta animaliak uhalarekin lotuta eramatea.

"Orain arte, Udala permisiboa izan da, bereziki bizikletekin; erabilera sustatzeko oso apustu sendoa egin dugulako horren alde. Baina argi dago bide-segurtasuna bultzatu behar dugula, oinezkoa babestu, eta kaleetan ikusten ditugun garraiobide guztien arteko bizikidetza sustatu", adierazi du Ruiz de Escuderok.

Segurtasunari dagokionez, bada beste neurri berritzailerik: debekatuta egongo da geldirik dagoen edo oinezkoentzako pasabide baten aurretik abiadura murrizten ari den beste ibilgailu bat aurreratzea.

Salbuespenak eta berrikuntzak

Hala ere, udal gobernuak hainbat salbuespen aurreikusi ditu: 15 urtetik beherako umeek baimena izango dute oinezkoentzako guneetatik eta espaloietatik bizikletaz ibiltzeko; 12 urtetik beherakoen kasuan, heldu batek lagunduta.

Mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak eta motorrik gabeko mugikortasun pertsonaleko aparatuak (adibidez, patinete ez-elektrikoak), berriz, oinezkotzat hartuko dira; beraz, oinezkoentzako guneetatik ibili ahalko dira. Hori bai, oinetan lotutako patinetan doazenek bizikleta-bideetatik joan beharko dute.

Proposatutako testuak beste berrikuntza batzuk ditu: adibidez, 16 urtetik beherakoek kasko homologatua erabili beharko dute bizikletan nahiz patinete elektrikoan ibiltzeko. Eta gauez eta ikuspen gutxi dagoenean, argiak eta arropa islatzaileak eraman beharko dira, bai bizikletaz bai patinete elektrikoz ibiltzeko.

IDEIA NAGUSIAK

Bizikletak

  • Galtzadatik edo bidegorrietatik zirkulatu beharko dute.
  • 15 urtetik beherakoak bizikletaz ibili ahalko dira oinezkoentzako eremuetan eta trafiko mugatuko bideetan.
  • 12 urtetik beherakoak adindun batek lagunduta ibili ahalko dira; hura izango da adingabearen arduraduna.
  • 7 urtetik beherako bi haur eraman ahalko dira, aulki homologatuetan.
  • Bizikletek txirrina eraman beharko dute.
  • Bizikletek paraleloan zirkulatu ahalko dute, binaka.

Patinete elektrikoak

  • Galtzadatik eta bidegorrietatik zirkulatu beharko dute.
  • 15 urtetik beherakoek ezin izango dute MPIrik erabili.
  • MPIek ezingo dute orduko 25 kilometroko abiadura gainditu.

Motorrak

  • Oinezkoentzako guneetan ziklomotorrak edo motozikletak aparkatzeko lekuak ezar daitezke, baina debekatuta dago bertara sartzea motorra martxan dagoela.

Besteak

  • MPAk (motorrik gabeko patineteak) oinezkotzat hartzen dira; beraz, oinezkoentzako guneetatik zirkulatu ahalko dute, eta lehentasuna izango dute oinezkoentzako pasabideetan. Ezin izango dira espazio publikoetan aparkatu edo utzi.
  • Mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak oinezkotzat joko dira oinezkoen eremuetan, edo txirrindularitzat bizikleta-bideetan.
  • Oinetan lotutako patinez mugitzen diren pertsonek bizikleta-bideetatik joan beharko dute.

Aparkalekuak

Araudi berrirako proposamenaren arabera, bizikletak eta MPIak bizikleta-aparkalekuetan utzi beharko dira. Zonaldean horrelakorik ez badago, edo une horretan tokirik ez badago, ibilgailuak hiri-altzarietara lotu ahal izango dira zuhaitzei edo eserlekuei izan ezik, gehienez ere 24 orduz.

Zigorrak

Halaber, Udalak zigorren zerrenda berria landu du, falta arinak isun txikiagoz zigortzeko xedez. "Betetzen ez duenari zigorra ezartzea nahi dugu, baina ez dirua biltzeko asmoz, neurri pedagogiko gisa baizik", azaldu du Raimundo Ruiz de Escuderok. Hortaz, 40 euroko isunarekin zigortuko den arau-hauste berria sortuko da: MPIz edo bizikletaz zirkulatzea espaloietatik, oinezkoentzako guneetatik edo horretarako gaituta ez daudenetatik.

Horrez gain, antzeko beste zigor batzuk izango dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide