Gasteizko kulturgintzak gerra deklaratu dio Cosmic Tentaclesen aurkako zentsurari

Erredakzioa 2021ko mar. 4a, 13:00
Kultur eragile ugarik 'Denok gara Gargamel' elkartasun kanpaina aurkeztu dute. / KALEZ KALE

Azken egunetan, Udaltzaingoaren aurkako diseinu batengatik Mikel Cthulhu eta Cosmic Tentacles estudioa iker ditzala eskatu dio Gasteizko Udalak Fiskaltzari. Kultur arloko eragileek elkartasun eta autoinkulpazio kanpaina bat jarri dute martxan.

Zentsurak baditu milaka aurpegi, eta oraingoan Cosmic Tentacles estudioko Mikel Gonzalez Cthulhu artistari tokatu zaio. Joan den astean, Herritarren Segurtasunerako Sailak diseinu estudioaren aurkako salaketa aurkeztu zuen Arabako Fiskaltzan, ustez Udaltzaingoa iraintzen duelako.

Salaketaren arrazoia Udaltzaingoaren jardun bat kritikatzeko otsailean argitaratutako kartel bat izan da. Plataforma digitaletan zabaldutako artel horrek All Pitufos Are Bastards mezua zeraman ("Pottoki guztiak sasikumeak dira", poliziaren aurkako ACAB - All Cops Are Bastards lelo klasikoa egokituz), udaltzain baten irudiarekin batera.

PSEko zinegotzi eta Segurtasun Saileko arduradun Marian Gutierrezek aurkeztutako salaketaren arabera, kartelarekin batera argitaratutako testua "iraingarria" da. Hauxe izan zen Cosmic Tentacles estudioaren mezua: "Udaltzaingoa, plaka eta pistoladun herriko inozo mota hori, hiperaktibitate egoeran beti, bere anaia zaharrena (pezeta zaharren zipaioa) bezain basatia eta burugabea izan daitekeela frogatzeko irrikaz".

Udal zerbitzu juridikoen iritziz, agintaritza iraintzearen ustezko delitua izan liteke Cosmic Tentacles estudioaren sorkuntza. Hortaz, egilearen aurka zigor-prozesu bat abiatzea erabaki du.

Elkartasun erasoaldi bat

Ostegun honetan, kultur arloko hainbat eragilek Cosmic Tentacles estudioari elkartasuna adierazteko prentsaurrekoa eskaini dute Zuloa Irudia liburu-dendan. "Adierazpen eta arte askatasunerako eskubidea erabiltzeko borrokan ari diren ahots guztien aurkako eraso bat da, beste bat gehiago", salatu dute agerraldian.

Besteak beste, Jimmy Jazz, Baratza Aretoa, Mazoka, Orbain Kultur Elkartea, Red Fanzine edo Ilustrapados taldeetako ordezkariak izan dira bertan, Cthulhuri elkartasuna adierazteko. Baina askoz gehiago dira elkartasun kanpainara batu diren eragileak.

Mikel Gonzalez kartelaren egileak berak ere hitza hartu du: "Denbora gehiegi daramagu defentsa-borroka bat egiten, azaldu behar ez duguna justifikatzen eta prozesu judizialetan lokazten". Hori dela eta, beharrezkotzat jo dute defentsa juridikoarekin batera "erasoaldi bat" planteatzea eta "borroka egitea elkartasun, mobilizazio eta sormen terminoetan; horrek beldurra ematen die askori", ohartarazi dute.

"Askatasunik gabeko arteak beti aurkitzen ditu adierazteko bideak, baina aske izan nahi duen gizarte batek ezin ditu bere artistak jazarri, isilarazi edo espetxeratu", azpimarratu du Gonzalezek.

Salaketa eragin duen duen diseinua. / COSMIC TENTACLES

 

#DenokGaraGargamel

"Nork ez ditu gogoan pottokien marrazki bizidunak?", galdetu dute. Orain, Udaltzaingoari "lagunarteko izena" eman zion telesaila baliatuko dute Gasteizko artista eta kultur kudeatzaile Mikel Cthulhuren absoluzioa eskatzeko. Hortaz, martxoaren 9an #DenokGaraGargamel kanpaina abiatuko dute.

Kanpaina horrek bi urrats nagusi emango ditu epe motzean: alde batetik, hiriko kultur eragileen artean lantalde bat sortuko dute egunotan, "adierazpen askatasunaren aurkako erasoari erantzun bat" antolatzeko; horrekin batera, martxoaren 9an —Martxoak 8ko mobilizazioak errespetatzeko— Denok gara Gargamel autoinkulpazio kanpaina abiaraziko dute.

Sare sozialak, umorea eta sormena baliatuko dituzte elkartasun mugimendua ehuntzeko: "Borroka honetan ahalik eta laguntza gehien jaso nahi dugu", azaldu dute.

Cosmic Tentacles

"Ez gaitu harritzen, baina badirudi gure adierazpen askatasunaren erabilera askea epaitegi batean amai daitekeela. Eskerrak demokrazian bizitzeagatik", adierazi zuen Cosmic Tentacles estudioak salaketaren berri izan ostean. Umorea ere ez zitzaien falta: "Urdangarinekin ziega konpartitzea eskatu dugu jada". Gainera, egunotan elkartasun mezu ugari jaso dituzte sare sozialetan.

Mikel Gonzalez Cthulhu eta Cosmic Tentacles zigilu eta diseinu estudioa aski ezagunak dira Gasteizen, eta baita hiriaren mugetatik harago ere. Estudioak diseinu grafikoa, diskoen argitalpena eta kontzertuen antolaketa uztartzen dituzte; besteak beste, Cosmic Fest jaialdia antolatzen du urtero.

Horrez gain, ospe handia lortu du sare sozialetan, umore garratza eta kritika politikoa nahasten dituzten diseinuengatik. Azkenean, zentsurak Cosmic Tentacles estudioaren atea jo du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide