Bi atxilotu Gasteizko Alde Zaharrean, tabernak ixteko orduan

Erredakzioa 2021ko ots. 13a, 22:16

20:00ak aldera, tabernak ixteko orduan, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak esku hartu dute Hedegile kalean. ALEAk jakin duenez, dena hasi da udaltzainek Iguana tabernako bezero bat identifikatu dutenean maskara jantzita ez eramateagatik.

ALEAk kontsultatutako lekukoen arabera, taberna itxita zegoen bezeroa identifikatu dutenean, eta inguruko hainbat pertsonak udaltzainen jarrera gaitzetsi dute. Iguanako tabernaria ere udaltzainekin eztabaidatzen hasi da, eta lurrean atxikituta amaitu da. Udaltzainek inguruan zeuden pertsonak kanporatu eta hainbat lagun identifikatu dituzte.

Udaltzaingoak laguntza eskatu du, eta, minutu batzuk beranduago, Ertzaintzaren patruila ugari bertaratu dira, tabernaren ingurua eta kalea husteko. Bi atxiloketa baieztatu ditu Udaltzaingoak, agintaritzaren agenteen aurkako atentatua egotzita; polizia-iturrien arabera, udaltzain bat zauritu da.

Gertatutakoa bertatik bertara ikusi duten hainbat lekukoren arabera, ordea, "ez da erasorik gertatu". ALEAri azaldu diotenez, "tabernaria terraza jasotzen ari zen eta 'Pozik naukazue' esan die udaltzainei; urduritasunaren ondorioz, mahai batean zegoen edalontzi bat lurrera erori da, eta orduan hasi da iskanbila".

Whatsapp bidez jasotako irudiak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide