El Correo egunkariaren arabera, Gasteizko Udaleko Herritarren Segurtasunerako Sailak Gasteizko Cosmic Tentacles diseinu estudioaren aurkako salaketa aurkeztu du Arabako Fiskaltzan, ustez Udaltzaingoa iraintzen duelako.
Salaketaren arrazoia: otsailaren 13an Alde Zaharrean gertatutakoa salatzeko plataforma digitaletan argitaratutako kartel batean, Gasteizko udaltzain baten irudiarekin batera, All Pitufos Are Bastards irakur daiteke ("Pottoki guztiak sasikumeak dira"), poliziaren aurkako ACAB lelo klasikoa egokituz.
???? Lekukoen arabera, Iguanako tabernaria udaltzainekin eztabaidatzen hasi da, eta honela amaitu da dena.
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) February 13, 2021
???? Tabernaria lurrean amaitu da, eta Udaltzaingoak inguruan zeuden pertsonak kanporatu ditu. Hainbat lagun identifikatu dituzte. pic.twitter.com/vkrKkdkwsq
Marian Gutierrez zinegotzi sozialista eta Segurtasun Saileko arduradunak egindako salaketaren arabera, kartelarekin batera argitaratutako testua "iraingarria" da. Hauxe da Cosmic Tentaclesen mezua: "Udaltzaingoa, plaka eta pistoladun herriko inozo mota hori, hiperaktibitate egoeran beti, bere anaia zaharrena (pezeta zaharren zipaioa) bezain basatia eta burugabea izan daitekeela frogatzeko irrikaz".
Ostiral honetan El Correok argitaratutako informazioaren arabera, udal zerbitzu juridikoen iritziz, agintaritza iraintzearen ustezko delitua izan liteke. Hortaz, egilearen aurka zigor-prozesu bat abiatzeko aukera zabalik dago.
Adierazpen askatasuna
ALEAk Cosmic Tentacles estudioko Mikel Gonzalez Cthulhurekin harremanetan jarri da, eta salaketaren berri "prentsa bidez" izan duela azaldu du. Oraingoz, ez du informazio gehiagorik.
"Ez gaitu harritzen, baina badirudi gure adierazpen askatasunaren erabilera askea epaitegi batean amai daitekeela. Eskerrak demokrazian bizitzeagatik", adierazi dute salaketaren berri izan ostean. Umorea ere ez zaie falta: "Urdangarinekin ziega konpartitzea eskatu dugu jada". Gainera, dagoeneko elkartasun mezu ugari jaso dituzte sare sozialetan.
Mikel Gonzalez Cthulhu eta Cosmic Tentacles zigilu eta diseinu estudioa aski ezagunak dira Gasteizen, eta baita hiriaren mugetatik harago ere. Estudioak diseinu grafikoa, diskoen argitalpena eta kontzertuen antolaketa uztartzen dituzte; besteak beste, Cosmic Fest jaialdia antolatzen du urtero.
Horrez gain, ospe handia lortu du sare sozialetan, umore garratza eta kritika politikoa nahasten dituzten diseinuengatik. Azkenean, zentsurak Cosmic Tentacles estudioaren atea jo du.