Gasteizko Gaztetxeak Udaltzaingoaren "eraso poliziala" salatu du

Erredakzioa 2020ko urr. 6a, 14:15

Gasteizko Gaztetxearen agerraldia asteleheneko gertakariak salatzeko. / ALEA

"Gazteen lonja bat" zela argudiatuz, Udaltzaingoa Gaztetxera sartu zen astelehen gauean, eta bertan zeuden 30 gazte inguru identifikatu zituen. "Segurtasun neurri guztiak" errespetatzen ari zirela azaldu du Gaztetxeko Asanbladak.

Gasteizko Gaztetxea hurbiletik ezagutzen duen orok badaki astelehenak ohiko asanblada eguna direla bertan. Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, hasierako geldialdiaren ostean, hala izaten jarraitu du, eta Muinoko Etxeak segurtasun protokolo bat landu du bere jarduerari berrekin ahal izateko.

Alabaina, asteleheneko 21:00ak aldera, udaltzainek Gaztetxearen inguruak hartu zituzten; polizia-iturrien arabera, dirudienez, auzokide batek ohartarazi zituen. Poliziak eraikinaren barrura sartu ziren, lehenik kalez jantzita eta ondoren uniformez.

Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, polizia Gaztetxera sartu zenean, "ohiko egoera" aurkitu zuen bertan: kolektibo ezberdinen hainbat bilera egiten ari ziren, gela ezberdinetan; guztira 30 pertsona inguru zeuden, baina ez zeuden denak batera, eta "segurtasun neurri guztiak" errespetatzen ari ziren.

Hala ere, gazte guztiak identifikatu zituzten eta zehapen-espedientea ireki zieten eraikinean biltzeagatik, "gazteen lonja bat" zela argudiatuta, ostalaritza jarduera gauzatzeko lizentziarik ez dutelako eta koronabirusa kutsatzeko arriskuagatik debekatuta dagoelako. Isunen behin betiko zenbatekoa Eusko Jaurlaritzak erabaki beharko du, baina, oraingoz, 600 eurorainoko isunak izan daitezke.

"Eraso poliziala"

Gasteizko Gaztetxeko kideek, eguerdian egindako agerraldi batean, astelehen gaueko "eraso poliziala" salatu dute. "Udaltzaingoak, eraikinean bortxaz sartu ostean, hainbat gazteri isunak jarri eta Gaztetxea hustu zuen".

"30 urtetik gorako jardun politiko, kultural eta soziala gauzatu duen Gaztetxea 'gazte lonja' bezala definitu dute, osasun neurrien aitzakipean eta ardura indibidualaren izenean", kritikatu dute. Gunea berrireki zenetik "osasun neurriak eta higiene pertsonal zein logistikorako neurriak" mantendu dituztela azpimarratu dute; gainera, erabiltzaile diren "kolektibo guztiei" neurriak helarazi zaizkie.

Gertakariak "antolakuntza politiko ororen errepresio eta jazarpenaren" testuinguruan kokatu dituzte, eta "gazteon antolakuntza forma ororen infantilizazioa eta kriminalizazioa" dela salatu dute. Horren aurrean, gaztetxeen "autodefentsa" aldarrikatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago