Ostiral honetan, agerraldia egin dute Plaza Berrian, Udaletxearen aurrean, Gasteizko Udalari eskaera argi bat helarazteko: "Gasteiztarrok gaztetxea zabalik nahi dugu"; herri mugimenduko 50 eragilek baino gehiagok sinatu dute manifestua —behean, zerrenda osoa ikusgai—.
Eragile guztien bozeramaile gisa, hitza hartu dute Ainhoa Garagalzak —Ongi Etorri errefuxiatuak Araba eta Gora Gasteiz—, Javi Aguillok —Gasteizko Gaztetxeko asanbladako kide ohia eta ADI ustelkeriaren aurkako elkarteko kidea—, mugimendu feministako Aitziber Romerok eta Natasha Ruedak —Goian Elkartea—.
Urriaren hasieran, "gazteen lonja bat" zela argudiatuz, Gasteizko Udaltzaingoa Gaztetxera sartu zen, eta bertan zeuden 30 gazte inguru identifikatu zituen. Ordutik, Alde Zaharreko espazio autogestionatua itxita egon da, baina "itxieraren osasun arrazoiak argi ez daudela" uste du herri mugimenduak.
"Hala balitz, espazioa kudeatzen duen asanbladarekin harremanetan jarriko zela ulertzen dugu, protokoloen berri eman edo horiengatik galdetzeko. Itxiera honen atzean bultzada politikoa dago, kontrolpean ez dagoen oro debekatu eta arautzearen bultzada", salatu dute.
Gaztetxea, guztion etxea
Ondoren, hitz batzuk zuzendu dizkiote Gorka Urtaran alkateari: "Gaztetxea gasteiztar guztion etxea da, gertatzen ari den guztiarekiko arduraz jokatzen dugunona. Gaztetxeak, herritar askok bezala, arduraz jokatzen du egunerokoan, ez inork arautu edo agintzen diolako, hala behar dela ulertzen duelako baizik. Eta arduraz, zabalik jarraitzea nahi dugu".
Gaztetxea sortzaileen eta herri mugimenduen etxea ere badela aldarrikatu dute, baita etxebizitza eskubidearen alde zein arrazakeriaren kontra antolatu edo euskarara gerturatu nahi dutenena ere. "Gaztetxea auzoarena ere bada; jada inork ez luke imajinatuko Gasteizko Alde Zaharra Gaztetxerik gabe", gaineratu dute.
Osasun larrialdi egoera honetan, "lehentasuna duten jarduerak errentagarritasunaren logikaren arabera neurtu" direla salatu dute. "Eta hor ez, hor ez dago gaztetxearen eguneroko jarduna; Muinoko Etxea ez da negozio bat, ezta enpresa bat ere, ez da balioaren menpe bizi, baloreetan oinarritzen da. Ulertzen dugu, honek zuen logika hankaz gora jartzen du, badakigu zeintzuk diren zuen lehentasunak. Ikusten ari gara non geratu diren, gizarte zerbitzuak, lehen mailako arreta, hezkuntza… zuen kudeatzeko logikan", deitoratu dute.
Ateak zabalik
Azkenik, Gasteizko Gaztetxea "ateak zabalik izateko eskubidea duen gune autogestionatua" dela aldarrikatu dute eragile sinatzaileek: "Gasteizko gazteak, axolagabe aurkezten dizkiguzuen horiek, zeuek infantilizatu nahi dituzue, gaitasunez hustu. Baina hauek dira justuki antolatu eta ekiteko espazio bat eskaintzen digutenak".
"Gasteiztar guztiontzat ate bat zabalik mantentzea lortzen dute, ate bat zabalik elkartasunari, ate bat zabalik protestari, ate bat zabalik Gasteiz aldarrikatzaileari, ate bat zabalik sormenari, ate bat zabalik ardura sozialari. Ate hori zabalik nahi dugu", adierazi dute manifestuarekin bat egin duten eragile guztiek.
Atxikimenduen zerrenda
- Gasteiz Txiki Auzo Elkartea
- Basartea Ramon Bajoko Guraso Elkartea
- Martxoak 3 Elkartea
- Arabako Pentsionistak Lanean
- Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba
- Bionekazaritza
- SETEM Hego Haizea
- Lumagorri
- Txapa Ahotsa
- Salhaketa
- Errekaleor Bizirik
- Talka
- Gasteizko Bilgune Feminista
- Sorginenea Gasteizko Emakumeen Etxea
- E-28 Koordinadora
- Sumendi Espazioa
- ADI! ustelkeriaren aurkako elkartea
- Salburua Auzo Elkartea
- Gasteizko Senideak
- Iraultza 1921
- Hala Bedi
- ERNAI GASTEIZ
- Sare Gasteiz
- STEILAS sindikatua
- LAB sindikatua
- ESK Sindikatua
- ELA Sindikatua
- CNT Sindikatua
- Orbain Kultur Elkartea
- Pez Limbo
- Berriztu!
- Asociación Colectivo Latinoamericano de Refugiadxs BACHUE
- Sala Baratza Aretoa
- Presoen lagunak
- Askapena
- Kutxiko Katuak
- Sare Antifaxista
- Gasteizko BDZ taldea
- Jare Dantza Taldea
- Kutxiko Txoko Txikitxutik (KTT)
- Ikama
- Zapateneo
- Judimendiko Gazte Asanblada
- Gazte Karpa
- Gasteizkoak talde antimilitarista
- Zazpigarren Alaba Auzo Elkartea
- Detritus Teatro
- Arabako SEADen Lagunen Elkartea
- Woman Defend Rojava Gasteiz
- Negeak
- AHTrik EZ Araba
- Kolectivo Monstrenko