ALEAk jakin duenez, Martxoak 3 Elkarteak asteazken honetan bertan izan du El Correo egunkariak aurreratutako akordioaren berri: erakundeak eta Gotzaindegia Martxoaren 3ko memoriala San Frantzisko elizan sortzeko akordioa ixten ari dira. Martxoaren 3ko biktimen eta Memoria Gara egitasmoaren aldarrikapen historikoa, beraz, laster gauzatuko da.
Egunkari horren arabera, akordioa "berehala" lortuko da eta fundazio baten bidez antolatuko da. Eusko Jaurlaritzako, Aldundiko, Gasteizko Udaleko eta Gotzaindegiko ordezkariak azken asteetan bildu dira fundazio berri baten sorrera bultzatzeko; fundazio horren helburua frankismoaren osteko urteak eta, zehazki, Martxoaren 3ko gertakariak azaltzen saiatuko den gune bat kudeatzea izango da.
Martxoak 3ko biktimak, eszeptiko
Martxoak 3 Elkarteko kideekin hitz egin du ALEAk, lehen balorazio bat jasotzeko. Lehenik eta behin, Gasteizko sarraskiaren biktimak biltzen dituen elkartearen proiektua Memoria Gara egitasmoa dela berretsi dute. Orain arte erakundeek "baztertu" egin dute proiektu hori, azaldu dutenez: "Dena Martxoaren 3agatik, baina Martxoaren 3ko biktimekin kontatu gabe", deitoratu dute.
Azkenik, akordioaren berri prentsa bidez izan dutela baieztatu dute. Hala ere, aurrerapauso bat dela uste dute: "Oso gaizki kudeatu dute, baina oso albiste ona da; lortu dugu eta orain beste bataila bat hasiko da, fase berri bat. Orain gure borroka kudeaketan izango da, edukietan, memoria eragileen parte hartzean...".
Larunbat honetan, otsailaren 20an, Memoria Gara ekimenak prentsaurreko bat eskainiko du Martxoak 3 plazan, 11:00etan, agertoki berria baloratzeko.