Koronabirusa

El Carmen ikastetxea itxi egin dute koronabirus agerraldi baten ondorioz

Erredakzioa 2021ko ots. 8a, 11:37

Lanbide Heziketako El Carmen HHI ikastetxea, Gasteizko Arana auzoan. / GOOGLE MAPS

Gasteizko El Carmen HHI ikastetxea ere itxi behar izan dute Covid-19 agerraldi baten ondorioz. 30 irakasletik seik positibo eman dute eta gutxienez beste bost konfinatuta daude; tartean, zuzendaritza osoa.

Astebeteko epean bi izan dira Covid-19aren ondorioz Gasteizen itxi behar izan duten ikastetxeak: joan den asteazkenean, Judimendi auzoko ikastetxe publikoa; eta astelehen honetan, Arana auzoan kokatutako El Carmen Helduen Hezkuntzako Ikastetxea. Ikasturte osoko hirugarrena da Araban, azaroan Trokonizko Waldorf eskolak ere bere jarduera eten behar izan zuelako.

Zentroko iturrien bitartez ALEAk jakin duenez, honako datuak utzi ditu Covid-19 agerraldiak zentroan: 30 irakasletik gutxienez seik eman dute positibo PCR proban, eta beste bost konfinatuta daude, oraingoz; tartean, zuzendaritza osoa dago konfinatuta.

Astelehen goizean Hezkuntzako Ikuskaritzarekin bilera bat egin ondoren, aurrez aurreko eskolak bertan behera uztea eta ikastetxea oraingoz ixtea erabaki dute.

El Carmen ikastetxeak Oinarrizko Lanbide Heziketako programa bat eta Eskolatzeko Osagarriko Programa bat eskaintzen ditu Judimendi Hiribidean. Guztira 150 ikasle inguru hartzen ditu, hamaika ikasgelatan.

Une honetan, Hezkuntza Sailaren datuen arabera, EAEko 140 ikastetxetako 250 gela daude isolatuta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago