Une honetan, Covid-19aren ondorioz EAE osoan guztiz itxita dagoen zentro bakarra da Gasteizko Judimendi auzoko ikastetxe publikoa; eta ikasturteko bigarrena da Araban, azaroan itxi zuen Trokonizko Waldorf eskolaren ostean. Haur eta Lehen Hezkuntzako 180 bat ikasle hartzen ditu, hamabi ikasgelatan.
Eusko Jaurlaritzak ez du kutsatze kopuruaren inguruko datu zehatzik eman, baina, egunean zehar jakin denez, gutxienez 22 kasu atzeman dira zentroan. Ondorioz, aurrez aurreko jarduera guztiak bertan behera utzi behar izan dituzte, asteazkenetik hasita. Gainera, Osakidetzak baheketa orokorra egingo du ikastetxean.
Hezkuntza Sailaren azken datuen arabera, EAEko 121 ikastetxetako 203 ikasgela itxita daude une honetan, eta Haur Hezkuntzatik Batxilergora bitartean dauden 17.550 geletatik %1,16 daude isolatuta.
Babesgabetasun egoera
Judimendi ikastetxeko klaustroak asteazkenean itxi arte bizi izandako "babesgabetasun egoera" salatu du, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari zuzenean helarazitako gutun batean. Klaustroak adierazi duenez, "gainezka" eta "babesik gabe" sentitu dira Osakidetzaren "erabakiak hain gaizki eta irizpiderik gabe" hartu dituztelako.
Bertan, azken egunetako egoera "oso kezkagarria eta nahasia" salatu dute; izan ere, azken astean gutxienez 22 koronabirus kasu atzeman dira ikasleen eta irakasle zein irakasle ez diren langileen artean.
Zentroak protokoloa "zorrotz" jarraitu duela ziurtatu dute, baina "ezohiko neurriak" hartu behar izan dituzte azken egunetan, "kutsatze larriagoa saihesteko". Salatu dutenez, Osakidetzatik, berriz, ikasgelek ez zutela "miaketarik behar" ziurtatu zieten; dagoeneko bi edo hiru kasu positibo zeuden sei ikasgela ezberdinetan.
Era berean, salatu dute protokoloak "hutsuneak" dituela, ez dela eguneratu urritik eta ez zaiela zentroei iritzirik eskatu.
Judimendiko eskolak ikasle etorkin eta familia ugari asko hartzen ditu. Horrek babesgabetasun egoera, komunikazio arazoak eta birusaren hedatzea erraztea eragin du.