SER irratiak aurreratu duenez, Trokonizen (Iruraitz-Gauna) Waldorf metodologia erabiltzen duen Geroa Eskola aldi baterako ixtea erabaki du Osasun Sailak. Izan ere, azken egunetan, Covid-19ko hainbat kasu susmagarriren arrastoa jarraitzen ari ziren ikastetxe horretako ikasgeletan.
Osasun agintariek baheketa hasi dute eskolan, eta ikastetxeak igande honetan jakinarazi die agindua familiei, barne-zirkular batean: "Gela guztietako jarduera etetea erabaki da, langileen eta ikasleen PCR negatiboak baieztatu arte; baheketan emaitza negatiboa duten langile eta ikasleak bakarrik sar daitezke gelan".
Asteburu honetan zehar baheketa prozesua amaitzeko denbora nahikorik izan ez dutenez, eta eskola jarduerari berrekiteko emaitzen zain egon behar direnez, aurrez aurreko eskola jarduera eten egiten dute momentuz, "berriro abisatu arte". Beraz, PCR proban emaitza negatiboa dutenak baino ezin izango dira eskolara itzuli.
Polemika
SER irratiak jakitera eman duenez, hainbat familiak uko egin diote seme-alabei proba egiteari Osakidetzaren deia jaso dutenean.
Ikasturte hasieran ere polemika piztu zen Geroa Eskolan, Eusko Jaurlaritzak maskararen erabilerari buruzko ikerketa bat abiatu zuenean; izan ere, Jaurlaritzak esku hartu arte maskara borondatezkoa izan zen eskolan.