Milaka ahots eta hamaika sektore Gasteizen, enplegu duinaren defentsan

Erredakzioa 2021ko urt. 30a, 17:38
Enplegu duinaren aldeko manifestazioa Gasteizen. / ALEA

Arabako 35 enpresa batzordek, ostalariek, pentsiodunek, gazteek eta beste hainbat sektorek enplegu duinaren defentsan deitutako mobilizazio bateratuak milaka lagun bildu ditu Gasteizen.

Larunbat honetako 17:00etan, manifestazio handi eta bateratu bat abiatu da Gasteizko Bilbo Plazatik, Araba enpleguaren defentsan! Defenda dezagun enplegu duina! lelopean.

Aernnovako langileek Los Angeles elizan egindako itxialdian sortutako egitasmoaren antolatzaileen artean, Aernnova, SDA Factory, Laminaciones Arregui edo Alestiseko enpresa batzordeak daude; baita SOS Ostalaritza plataforma, Arabako pentsiodunen mugimendua, Gazte Prekarioen Sarea eta kirol jardueretako langileak ere.

Gainera, ostiral honetan euren atxikimendua plazaratu dute 50 enpresa batzorde eta kolektibok baino gehiagok. Atxikimendu horien artean aipatzekoak dira, besteak beste, Arabako 35 enpresa batzorderen babesa, Martxoak 3 Elkartearena, Haurreskolak Partzuergoko langileena, taxilariena edo Glovoko riderrena.

Sindikatuei dagokienez, LAB, ESK, STEILAS, LSB-USO, CGT eta CNT sindikatuek mobilizazioa babestu dute, baina ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, berriz, ez dute parte hartuko.

Enpresa batzorde eta askotariko sektore zein kolektiboen manifestazio "bateratua, globala eta plurala" antolatu dute, "edozein arrazoirengatik enplegu duinarekin konprometitutako egoera bizi duten enpresa eta sektore guztiak" gonbidatuz. Sektore horiekin bat egin dute herritar askok, "erantzun sozial bateratu eta masibo bat" emateko helburuarekin.

"Araban enplegu duina defendatzea, gizarte eskubideetan, zaintzan, zerbitzu publikoetan eta abarretan dituen ondorioekin, gizarte osoak inplikatu behar duen eta administrazioek ozen eta argi entzun behar duten aldarrikapena da", adierazi dute.

"Enpleguaren aurkako eraso sistematikoa"

"Azken hilabeteetan, enpresa eta sektore asko atera gara kalera, kaleratzeak, EEEak, eskubideen murrizketa, zaintzaren merkantilizazioa, itxiera behartuak, zerbitzu publikoen murrizketak, kontrataziorik eza eta abar salatzeko", azaldu dute mobilizazioa iragartzeko egindako prentsaurrekoan.

Sektore horiek guztiek indarrak batzea erabaki dute: "Kalera atera garenean, ehunka lagunen elkartasuna eta babesa ikusi dugu; gaur egungo egoerak, norbanakoaren edo sektore jakin baten arazoa izatetik urrun, lantokiak gainditzen dituela eta herritar guztiei eragiten die".

"Edonori eragin diezaiokeen enplegu duinaren aurkako eraso sistematikoa" bizi dugula uste dute, eta erakundeei leporatu diete langileak "pandemiaren kudeaketan egindako akatsen erantzule" egitea.

"Ezin gara geldirik egon, langabeziak eta egungo enplegu prekarioak gazteei, emakumeei, pertsona arrazializatuei eta lan egiteko adinean daudenei eragiten dielako, baina etorkizuneko pentsioei ere eragiten die, eta pentsiodunen kolektiboak aspalditik salatu du hori azaldu dute—, gure ekoizpen sarea desegin eta administrazioetatik diru laguntzak jasotzen dituztenek eskubideak deuseztatzen dituzten bitartean".

Atxikimenduen zerrenda

Enpresa batzordeak guztira, 35:

  • Aernnova
  • Alestis
  • Arabako Suhiltzaileak
  • Askora Plus
  • Auria Vitoria
  • Betoño Tailerrak
  • Biocompost
  • Burulan
  • Cartonajes IGAMO
  • CIDI Hizkuntzen Nazioarteko Zentroa (eskola garraioa)
  • Condes Fabril
  • Cuarhtoset
  • Derichebourg (Araia)
  • Elecnor
  • Elkar
  • Garbialdi (Arabako ESIko osasun zentroak)
  • Gas to Move Transport Solutions
  • Gizarte etxeetako aisialdi eta denbora libreko zerbitzuak
  • Grup la Pau Anbulantziak
  • Laminaciones Arregui
  • Nuevo Futuro
  • Olazabal y Huarte
  • Pepsico
  • Rokodromoetako langileak
  • SDA Factory
  • Shuton
  • Sidalava. Hiesaren aurkako Arabako Batzordea
  • Sidenor
  • SNA (Arangiz)
  • SNA Europe
  • Tamar Las Arenas
  • TLA (Condesa ohia)
  • TRI Amurrio
  • Tubos Reunidos
  • Udapa S. Coop

Beste sektore batzuk:

  • Adisalava (banatzaileak)
  • Arabako etxeko langileen eta zaintzaileen elkartea.
  • Arabako Pensionistak martxan
  • Arabako Taxi Elkartea
  • Glovoko langileak (riderrak)
  • GPS (Gazte Prekarioen Sarea)
  • Haurreskolak Partzuergoa
  • Kirol jardueretako langileak
  • Langabeen Asanblada
  • Martxoak 3 Elkartea
  • Osakidetzako pribatizazioen aurkako langileen plataforma
  • Ribera Bizirik
  • SOS Ostalaritza
  • Teknikariok (aktoreen eta agertokiko langileen elkartea)

Manifestazioari atxikimendua eman dioten sindikatuak:

  • CGT
  • CNT
  • ESK
  • LAB
  • LSB-USO
  • STEE-EILAS

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide