Hurrengo asteko larunbatean, urtarrilaren 30ean, 17:00etan, manifestazio handi eta bateratu bat abiatuko da Gasteizko Bilbo Plazatik, Araba enpleguaren defentsan! Defenda dezagun enplegu duina! lelopean.
Aernnovako langileek Los Angeles elizan egindako itxialdian sortutako egitasmoaren antolatzaileen artean, Aernnova, SDA Factory, Laminaciones Arregui edo Alestiseko enpresa batzordeak daude; baita SOS Ostalaritza plataforma, Arabako pentsiodunen mugimendua, Gazte Prekarioen Sarea eta kirol jardueretako langileak ere.
Eta ostiral honetan euren atxikimendua plazaratu dute 50 enpresa batzorde eta kolektibo baino gehiagok. Atxikimendu berrien artean, aipatzekoak dira, besteak beste, Arabako 35 enpresa batzorderen babesa, Martxoak 3 Elkartearena, Haurreskolak Partzuergoko langileena, taxilariena edo Glovoko riderrena.
Sindikatuei dagokienez, LAB, ESK, STEILAS, LSB-USO, CGT eta CNT sindikatuek mobilizazioa babestu dute, baina ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, berriz, ez dute parte hartuko.
Enpresa batzorde eta askotariko sektore zein kolektiboen manifestazio "bateratua, globala eta plurala" antolatu nahi dute, "edozein arrazoirengatik enplegu duinarekin konprometitutako egoera bizi duten enpresa eta sektore guztiak" gonbidatuz. Gainera, herritarrak mobilizazioan parte hartzera animatu nahi dituzte, "erantzun sozial bateratu eta masibo bat" izan dadin.
"Araban enplegu duina defendatzea, gizarte eskubideetan, zaintzan, zerbitzu publikoetan eta abarretan dituen ondorioekin, gizarte osoak inplikatu behar duen eta administrazioek ozen eta argi entzun behar duten aldarrikapena da", adierazi dute.
"Enpleguaren aurkako eraso sistematikoa"
"Azken hilabeteetan, enpresa eta sektore asko atera gara kalera, kaleratzeak, EEEak, eskubideen murrizketa, zaintzaren merkantilizazioa, itxiera behartuak, zerbitzu publikoen murrizketak, kontrataziorik eza eta abar salatzeko", azaldu dute mobilizazioa iragartzeko egindako prentsaurrekoan.
Sektore horiek guztiek indarrak batzea erabaki dute: "Kalera atera garenean, ehunka lagunen elkartasuna eta babesa ikusi dugu; gaur egungo egoerak, norbanakoaren edo sektore jakin baten arazoa izatetik urrun, lantokiak gainditzen dituela eta herritar guztiei eragiten die".
"Edonori eragin diezaiokeen enplegu duinaren aurkako eraso sistematikoa" bizi dugula uste dute, eta erakundeei leporatu diete langileak "pandemiaren kudeaketan egindako akatsen erantzule" egitea.
"Ezin gara geldirik egon, langabeziak eta egungo enplegu prekarioak gazteei, emakumeei, pertsona arrazializatuei eta lan egiteko adinean daudenei eragiten dielako, baina etorkizuneko pentsioei ere eragiten die, eta pentsiodunen kolektiboak aspalditik salatu du hori —azaldu dute—, gure ekoizpen sarea desegin eta administrazioetatik diru laguntzak jasotzen dituztenek eskubideak deuseztatzen dituzten bitartean".
Atxikimenduen zerrenda
Enpresa batzordeak —guztira, 35—:
- Aernnova
- Alestis
- Arabako Suhiltzaileak
- Askora Plus
- Auria Vitoria
- Betoño Tailerrak
- Biocompost
- Burulan
- Cartonajes IGAMO
- CIDI — Hizkuntzen Nazioarteko Zentroa (eskola garraioa)
- Condes Fabril
- Cuarhtoset
- Derichebourg (Araia)
- Elecnor
- Elkar
- Garbialdi (Arabako ESIko osasun zentroak)
- Gas to Move Transport Solutions
- Gizarte etxeetako aisialdi eta denbora libreko zerbitzuak
- Grup la Pau Anbulantziak
- Laminaciones Arregui
- Nuevo Futuro
- Olazabal y Huarte
- Pepsico
- Rokodromoetako langileak
- SDA Factory
- Shuton
- Sidalava. Hiesaren aurkako Arabako Batzordea
- Sidenor
- SNA (Arangiz)
- SNA Europe
- Tamar Las Arenas
- TLA (Condesa ohia)
- TRI Amurrio
- Tubos Reunidos
- Udapa S. Coop
Beste sektore batzuk:
- Adisalava (banatzaileak)
- Arabako etxeko langileen eta zaintzaileen elkartea.
- Arabako Pensionistak martxan
- Arabako Taxi Elkartea
- Glovoko langileak (riderrak)
- GPS (Gazte Prekarioen Sarea)
- Haurreskolak Partzuergoa
- Kirol jardueretako langileak
- Langabeen Asanblada
- Martxoak 3 Elkartea
- Osakidetzako pribatizazioen aurkako langileen plataforma
- Ribera Bizirik
- SOS Ostalaritza
- Teknikariok (aktoreen eta agertokiko langileen elkartea)
Manifestazioari atxikimendua eman dioten sindikatuak:
- CGT
- CNT
- ESK
- LAB
- LSB-USO
- STEE-EILAS