Enpleguaren aldeko manifestazio handi bat deitu dute ostalariek, pentsiodunek eta enpresa batzordeek

Erredakzioa 2021ko urt. 21a, 14:05
Mobilizazioa iragartzeko prentsaurrekoa, Los Angeles elizan. / ARABA ENPLEGUA

Urtarrilaren 30erako, "enplegu duinaren aldeko" mobilizazio bateratua deitu dute, besteak beste, aeronautikaren sektoreko hainbat enpresa batzordek, SOS Ostalaritza plataformak, pentsiodunen mugimenduak eta kirol jardueretako langileek.

Hurrengo asteko larunbatean, urtarrilaren 30ean, 18:00etan, manifestazio handi eta bateratu bat abiatuko da Gasteizko Bilbo Plazatik, Araba enpleguaren defentsan! Defenda dezagun enplegu duina! lelopean. Antolatzaileen artean, Aernnova, SDA Factory, Laminaciones Arregui edo Alestiseko enpresa batzordeak daude; baita SOS Ostalaritza plataforma, Arabako pentsiodunen mugimendua, Gazte Prekarioen Sarea eta kirol jardueretako langileak ere.

Enpresa batzorde eta askotariko sektore zein kolektiboen manifestazio "bateratua, globala eta plurala" antolatu nahi dute, "edozein arrazoirengatik enplegu duinarekin konprometitutako egoera bizi duten enpresa eta sektore guztiak" gonbidatuz. Gainera, herritarrak mobilizazioan parte hartzera animatu nahi dituzte, "erantzun sozial bateratu eta masibo bat" izan dadin.

"Araban enplegu duina defendatzea, gizarte eskubideetan, zaintzan, zerbitzu publikoetan eta abarretan dituen ondorioekin, gizarte osoak inplikatu behar duen eta administrazioek ozen eta argi entzun behar duten aldarrikapena da", adierazi dute.

"Enpleguaren aurkako eraso sistematikoa"

"Azken hilabeteetan, enpresa eta sektore asko atera gara kalera, kaleratzeak, EEEak, eskubideen murrizketa, zaintzaren merkantilizazioa, itxiera behartuak, zerbitzu publikoen murrizketak, kontrataziorik eza eta abar salatzeko", azaldu dute mobilizazioa iragartzeko egindako prentsaurrekoan.

Sektore horiek guztiek indarrak batzea erabaki dute, eta atxikimendu gehiago jasotzen ari dira hilaren 30era begira: "Kalera atera garenean, ehunka lagunen elkartasuna eta babesa ikusi dugu; gaur egungo egoerak, norbanakoaren edo sektore jakin baten arazoa izatetik urrun, lantokiak gainditzen dituela eta herritar guztiei eragiten die".

"Edonori eragin diezaiokeen enplegu duinaren aurkako eraso sistematikoa" bizi dugula uste dute, eta erakundeei leporatu diete langileak "pandemiaren kudeaketan egindako akatsen erantzule" egitea.

"Ezin gara geldirik egon, langabeziak eta egungo enplegu prekarioak gazteei, emakumeei, pertsona arrazializatuei eta lan egiteko adinean daudenei eragiten dielako, baina etorkizuneko pentsioei ere eragiten die, eta pentsiodunen kolektiboak aspalditik salatu du hori azaldu dute—, gure ekoizpen sarea desegin eta administrazioetatik diru laguntzak jasotzen dituztenek eskubideak deuseztatzen dituzten bitartean".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide