Gasteizko udalbatzak 2021eko aurrekontuak berretsi ditu

Erredakzioa 2021ko urt. 26a, 20:00
Aurrekontuak ontzat eman ditu Gasteizko udalbatzaren osoko bilkurak. / GASTEIZKO UDALA

EAJ, PSE eta Elkarrekin taldeen akordio politikoak ahalbidetu du udalbatzaren osoko bilkurak aurrekontuak ontzat ematea. Gasteizek 388 milioi euroko proiektu ekonomikoa izango du 2021erako.

388 milioi euroko proiektu ekonomikoa da; udal-sozietate eta erakundeen kontuak gehituz gero, 458.344.818 eurokoa. EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin taldeek lortutako akordio politikoak egin du posible. Izan ere, udal gobernuko bi alderdiek aldeko botoa eman dute, eta Elkarrekinek abstentzioa.

Gasteizko udal gobernuak abenduan aurkeztutako aurrekontu proiektuari Elkarrekin taldearen 34 zuzenketak gehitu zaizkio; emendakin horiek, guztira, hiru milioi eurotik gora gehitzea ekarri dute.

Batez ere gizarte politikekin eta etxebizitzarekin lotutako zuzenketak dira. Besteak beste, 21 Zabalguneak bultzatzen dituen birgaitze-programetarako diru-zuzkidura areagotu da, inbertsio berriak aurreikusi dira etxebizitza sozialetan eta berariaz bizitegi-larrialdiko egoeretara bideratutako funts bat sortuko da. Gainera, beste proposamen batzuk ere aintzat hartu dira, hala nola bakarrik bizi diren adinekoentzako Zaintza eta Loturen Plana, eta Gizarteratu lantegiak diru gehiagoz hornitzea.

Era berean, aurrekontuan egin diren zuzenketek zenbateko ekonomiko handiagoz hornituko dituzte beste hainbat arlotan aurreikusitako ekintzak: berdintasun arlokoak, euskararen erabilera sustatzera zuzendutakoak, ikastetxeak mantentzeko lanak edo guraso elkarteen jarduerak.

Beste zuzenketa sorta bat trantsizio ekologikorako proiektuen inguruko zuzenketek osatzen dute, hala nola udal eraikinetan panel fotovoltaikoak instalatzea, azken miliako logistika edo Jundizko industrialderako azterlan ekoindustrial bat egitea.

Susperraldi sozial eta ekonomikoa

Ogasun zinegotzi Iñaki Gurtubaik adierazi duenez, «aurrekontuak hobetzen dituzten zuzenketak dira, Gasteizen susperraldi sozial eta ekonomikoa helburu».

Horretarako, inbertsio publikoaren 34,4 milioi euroko hazkundea aurreikusten da, 2020an baino hamar aldiz handiagoa. Horri esker, 521 lanpostu berri sortu ahal izango dira. Horiei gehituko zaizkie enplegua sortzeko eta Covid-19aren pandemiak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko partidak.

Alegazioak aurkezteko epea

Udalbatzak ontzat eman ondoren, bi asteko epea zabalduko da otsailaren 2an, 2021eko aurrekontuen gaineko alegazioak aurkezteko. Alegaziorik aurkezten ez bada, otsailaren 27an sartuko dira indarrean; alegazioren bat aurkezten bada, berriz, martxoan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide