Elkarrekin Podemosen abstentzioak Gasteizko aurrekontuak onartzea ahalbidetuko du

Erredakzioa 2021ko urt. 15a, 11:24
Gorka Urtaranek telematikoki parte hartu du prentsaurrekoan, astelehenetik konfinatuta dagoelako; gaur, negatibo eman du PCR proban. / ARTXIBO IRUDIA

Gasteizko udal gobernuak (EAJ-PSE) ez du babesik lortu, baina 2021eko aurrekontuak onartzea lortuko du, bozketan abstentzioa emango duen Elkarrekin Podemos taldearekin lortutako akordioari esker.

Elkarrekin Podemosek Gasteizko aurrekontuen onarpena erraztuko du bigarren urtez jarraian, eta 2021eko aurrekontuen bozketan abstenitu egingo da, EAJ-PSEren proiektua onartzea ahalbidetuz.

Ituna bi prentsaurrekoren bitartez aurreratu duten arren, datorren asteartean gauzatuko da, hilaren 19an egitekoa den aurrekontuen eztabaidan.

Hiru milioi eurotik gorako balioa duten 34 zuzenketa gehitzea lortu du Elkarrekin Podemosek: "Ezinbesteko laguntza dira Covid-19ak sortutako krisiak gehien kaltetutako sektoreentzat, etxebizitza, gizarte-babesa, politika feministak eta trantsizio ekologikoa lehenetsiz" ospatu du Oscar Fernandezek.

Halaber, argi utzi nahi izan du abstentzioaren arrazoia: "Udal gobernuaren (EAJ eta PSOE) aurrekontu-proiektua ez da gure proiektua, ezta gure hiri eredua ere".

Subilla Gasteizko gas zundaketaren inguruko desadostasunak bere horretan jarraitzen duen arren gauzatu da akordioa. Hasiera batean, Elkarrekin Podemosek auzi hori konpontzean jarri zuen aurrekontuak ahalbidetzeko marra gorria. EAJ bakarrik geratu zen proiektuaren defentsan, eta, udal teknikariek lizentzia ukatu ostean, Eusko Jaurlaritza errekurtso judiziala jartzea aztertzen ari da une honetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide